Antzerkiak espazio asko irabazi ditu Oiartzunen, eta gehiago izango ditu
Oiartzungo Antzerkizaleek eta udalak ikasturteko antzerki programazioaren berri eman dute. EHAZEren laguntzarekin, Ikusle Kluba izango du herriak.
Maite Aizpurua (EHAZE), Lur Korta (Antzerkizaleak), Garazi Urdanpilleta (Kultura ziinegotzia) eta Oier Guillan (Antzerkizaleak), gaurko aurkezpenean. Antzerki eszena du Oiartzunek. Askotariko programazioa dago, publiko fidel eta hezia du herriak, eta gainera antzerkigintzan ari direnen kopurua oso handia da. Gaur eman dute ikasturteko programazioaren eta hainbat berritasunen gaineko informazioa Oiartzungo Antzerkizaleek, Oiartzungo Udalak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko (EHAZE) kideek agerraldi bidez. Mamitsu dator 2025-2026 sasoia. Landetxeko oholtza batik bat ederki baliatuko dute.
Garazi Urdanpilleta Oiartzungo Udaleko Kultura zinegotziak eskerrak eman dizkie Oiartzungo Antzerkizaleei nahiz EHAZEko kideei aurretik egina duten lanagatik, eta sasoi berrirako doitu duten eskaintzagatik. Herritarrak antzerkiarekin bat egitera deitu ditu, “ikasturte oparo-oparoa” izango delako. Goza dezatela herritarrek eskaintzarekin, hori zinegotziaren desioa. Oier Guillan Oiartzungo Antzerkizaleak taldeko kideak nabarmendu du jada hamalau urtez ari direla udalarekin elkarlanean, eta herriko programazioa antolatzen. Oroitarazi du euren taldearen muinean boluntarioen lana dagoela, irekia dela, eta asko izan direla urteen joan-etorrian ekarpena egin dutenak, “orain taldea egonkortua dago”, zehaztu du. Modu xumean, udaletxeko areto nagusiko lehen urteetako emanaldiak ekarri ditu mahaiaren gainera Guillanek, batzuen artean asko egiten zituzten garai haiek: “Nahiz eta baldintzak egokienak ez izan, lortu genuen publikoa fidelizatzea. Programazioa Landetxera pasa denean jada egina zegoen oinarrizko lan hori loratu egin da, baldintzak hobeak direlako”.
Euren misioan jarri du fokua Guillanek. Antolatu duten egitarauaren izaeraren berri ematean misio horren ardatz nagusien berri eman du, “oinarri filosofikoak” Guillanen arabera. Programazioa euskara hutsezkoa da, euskal ekoizpenak erdigunean jarri dituzte, eta sormen arku guztia kontuan hartu dute: “Teatro amateurretik profesionalera, eta profesionalen barruan lan esperimentaletatik komertzialenetara. Euskaraz denetik egiten dela islatzen saiatzen gara, eta horri guztiari baldintza duinenetan lekua ematen saiatzen gara”. Bide luzeko taldeak, komertzialak, esperimentalak, amateurrak, konpainia handi eta txikiak… Denetik izango da Oiartzunen. Beheko zerrendan, atzealde urdinekoan, daude programazioko obra denak. Nola ez, herriko taldeek ere izango dute tokia, Txinalkak (helduen taldeak) eta gazteenek ere espazioa izanen dute. “Herriko sortzaileen produkzioei, edo herriko sortzaileek parte hartzen duten produkzioei garrantzi berezia ematea da gure beste oinarrietako bat”, baietsi du. Elkarlanaren ideia ere goretsi du Guillanek, Euskal Herrian erreferentzia diren bi egitasmoren, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak-en bi obra eta Korrika Kulturalaren barruko Kaka lana herrian izanen direla azaldu baitu. Gainera, haurrentzako emanaldiak hiru hilean behin izango direla azaldu du programazioari begirada azkarra ematerakoan taldekideak.
Ikusle Txartela eta programazioa
Publikoa fidelizatze aldera, Ikusle Txartela dago Oiartzunen. Hori egiten dutenek lau emanaldiko bonua dute, eta behin lau emanaldi horiek baliatzen direnean, bosgarren batera doan joateko aukera dute. Fidelenek urtean bitan-edo lortzen dute txartelaren hutsune guztiak betetzea. Beraz, antzerkizale fidelak daude herrian.
Bestalde, Oiartzungo Antzerkizaleak ez dela itxia, talde irekia dela berretsi du Guillanek. Esan du bi era daudela bertan ekarpena egiteko: programazioa osatzen duen lantaldeko kide izaten; edo bileretara joan gabe, proposamenak bidaltzen haien posta elektronikora (taldekide izateko eskaera ere postaz egin daiteke).
Antzerkizale asko
Oiartzungo Antzerkizaleentzat, antzerkiarena ez da era pasiboan bizitzeko arte bat. Balio eta funtzio asko betetzen dituen artea da haientzat. “Oiartzun, gainera, historikoki izan da oso herri antzerkizalea”, adierazi du Guillanek. Hala, euren zereginen hasieratik antzerki eskola jarri zuten martxan, “eta asko hazi da”. Hamalau urte atzera joan da Lur Korta: “Sorreran, herriko bi ikastetxeetara joan ginen esketx bat eginez haurrak antzerki eskolara anima zitezen. Gazte talde bat sortu zen herri mailakoa, eta Haurtzaron nahiz Elizalden beste bana. Orain, gaur egun, herri mailako gazteen bost talde daude, hamabi talde bi ikastetxeetan, helduen taldea ere badago, eta baita clown taldea ere. Ez dut kontatu zenbat ikasle dauden, baina pila ditugu. Oso pozik gaude; ni hasi nintzen, eta orain Irati Muñoz nahiz Luix Mitxelena ere ari dira eskolak ematen… Ikasle izan direnak irakasle bihurtu dira. Gauza asko lortu dira hamalau urtean. Ikasturte hau oso interesgarria izango da”.
Eskualdean ere antzerkigintzaren barruan ematen ari den saretzea izan dute kontuan gaurko agerraldian. Horren seinale Pasaiako Badiaren, Lezoko Orratx!-en, Errenteriako Herri Arte Eskolako taldeen eta Oiatzungo Antzerkizaleen batzeak eta sinergia ariketak goretsi dituzte, tartean delarik urtero egiten duten topaketa.
Ikusle Kluba
Berritasuna hemen. Ikusle Kluba. EHAZEko Maite Aizpuruak eman du egitasmo horren berri. “Euskal Herrian dauden irakurleen klubetan inspiratuta sortu nahi dugu publikoarentzako izango den topaleku bat, antzerkiari buruz hitz egiteko, eta sortzailetasunak bultzatuta espazio horretan bertan norberaren sormenerako aukera izateko. Publiko talde baten pentsamendurako espazio bat izango da Ikusle Kluba”.
Talde iraunkorra izatea da asmoa Ikusle Klubarena: “Egitasmo hau Oiartzunera iritsi da, EHAZE Oiartzunen lurreratu eta aukera oso berezi bat sortu delako hemen: euskarazko antzerkigintzaren dokumentazio zentro bat egiteko aukera. Udalarekin akordioa lortu genuen egitasmo hori martxan jartzen hasteko, eta horretan gabiltza. Horregatik, oso garrantzitsua iruditu zitzaigun bertako antzerkizaleen elkartearekin eta eragileekin elkarlana hastea, eta EHAZEk zerbait eskaini ahal izatea Oiartzuni. Kluba urritik maiatzera martxan izatea da asmoa”.
Klubaren xehetasun gehiago Oiatzungo Antzerkizaleen taldeko Lur Kortak eman ditu. Azaldu du Luix Mitxelenak eta hark gidatuko dutela kluba hasiera batez, eta urritik maiatzera izango diren antzerki emanaldien ondoren, horien gaineko gogoeta egingo dutela izena ematen dutenek, asteartez; hau da, obrak igandetan izango dira, eta gogoetarako kluba astearte arratsaldetan bilduko litzateke hasiera batez Landetxen. Igandean emango diete, Pez Limboren emanaldia baliatuta, egitasmoaren berri herriko antzerkizaleei.

Oiartzungo Antzerkizaleen emanaldiak 2025-2026 sasoian.
Oiartzungo Antzerkizaleek antolatutako emanaldi guztiak igandez izaten dira, normalean 19:00etan eta Landetxen. Horietarako sarrerak udalaren sarrera salmenta zerbitzu telematikoaren bidez eskura daitezke.
2025ekoak
- Hilak 21. Pez Limbo konpainiaren Itsas behera.
- Urriak 19. Txinalka Oiartzungo helduen antzerki taldearen Gaizki-ulertuak.
- Urriak 26. Atx Teatroa konpainiaren Marmarra.
- Azaroak 23. Metrokoadroka taldearen Aztia.
- Abenduak 14. Goaz konpainiaren Lotura basatiak.
- Abenduak 28. Mari De Jongh konpainiaren haurrentzako antzezlana: Boo jauna.
2026koak
- Urtarrilak 25. Las Bobe Boberen Txilin hotsak+Da da ü lala obrak.
- Otsailak 6. Yarleku konpainiaren haurrentzako antzezlana: Agur Peter Pan.
- Otsailak 15. DesAires-en Á Peine.
- Martxoak 1. Korrika Kulturalaren barruan, Kaka antzezlana.
- Martxoak 15. Mairu antzerki taldeak Pinpilipauxa horiak obra ekarriko du Oiartzunera.
- Apirilak 24. T Diferenciak haurrei begirako emanaldia eskainiko du: Jolastokia.
- Apirilak 26. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektutik sortutako obra. Promesarik txikiena lana interpretatuko du Infinitudrama taldeak.
- Maiatzak 10. Dejaburen Itzulera.
- Ekainean zehar. Txinalka herriko helduen antzerki taldearen nahiz haur eta gazteen taldeen ikasturte bukaerako lanak.
- Irailak 12. Udalbiltzaren pGeuretik Sortuak proiektutik sortutako obra, Gurutze auzoko festetan. Argimalutak taldeak Txondor plaza eskainiko du.
