Udazkena, kulturaz blai
Udazkeneko kultur egitaraua indartsu lurreratuko da Pasaian, 50 emanaldi ingururekin. Emanaldiak irailetik abendura bitartean izango dira.
Udazkeneko kultur egitaraua indartsu lurreratuko da Pasaian, 50 emanaldi inguruz gozatu ahal izango baitute herritarrek, lau barrutietan. Besteak beste, kontzertuak, ipuin kontaketak, dantza emanaldiak, Zinema Txikiaren proiekzioak edota erakusketak antolatu ditu Pasaiako Udalak, irailetik abendura. Pasaitarrek informazio guztia eskura izan dezaten, udalak eskuorri bat sortu du, eta datozen egunetan jasoko dute herritarrek beren etxebizitzetan.
Udazkeneko agenda kulturalaren ezaugarri nagusiena eskaintzaren aniztasuna dela adierazi du Aitor Brion Kultura eta Ondare zinegotziak: “Diziplina artistiko ahalik eta gehien hartu nahi izan ditugu kontuan, programazioa benetan orotarikoa izan dadin. Horrekin bat, adin eta publiko mota guztietarako pentsatutako agenda diseinatu dugu, Pasaia herri anitz eta heterogeneoa baita, eta gure programazioak hori ere islatu behar baitu”.
Eskaintzaren barruan euskarari dagokion lekua eman diotela nabarmendu du udal hautetsiak: “Eskaintza nagusiki euskalduna da prestatu duguna, baina euskara menperatzen ez duten bizilagunak ere kontuan izan ditugu. Hala ere, euskara menperatzen ez duten horiek ere gonbidatu nahi ditugu euskarazko programazioaz gozatzera, Euskaralditik kanpo ere premiazkoak baitzaizkio euskarari belarriprest horiek”.
Lehen emanaldia hilaren 27an izango da, Donibanen. Hostoak Musika Elkarteak Orbela ehuntzen izeneko kontzertua eskainiko du Juanba Berasategi aretoan, 19:30ean.
Urria
Urrian Zinema Txikia egitasmoaren denboraldi berria estreinatuko da, eta Pasaiako haur eta nerabeek euskarazko filmez gozatu ahal izango dute. Urriaren 4an Urtz taldeak kontzertua eskainiko du San Pedroko Lonjako plazan, doan. Ia lau hamarkadatan sortutako abesti famatuenak joko ditu musika talde pasaitarrak.
Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldien topaketa urriaren 17tik 26ra bitartean izango da. Euskarazko, gaztelaniazko eta hitzik gabeko emanaldiez gozatuko dute pasaitarrek. Azkenik, Ondartxo eta Illunbe musika elkarteek kontzertuak egingo dituzte, eta Pimu ausarta liburuaren ipuin kontaketak antolatu dira lau barrutietan. Liburu horrek minbiziaren gaia jorratzen du, eta haur baten begiradatik amaren gaixotasuna nola bizitzen duen azaltzen du.
Azaroa
Azaroan Kontu Kantari Pasaiako solasaldi musikatuak egitasmoa itzuliko da Pasaiara. Emanaldi horren protagonista Sara Mansilla artista gipuzkoarra izango da. Azaroaren 14tik 22ra, aldiz, Ikuska film laburren jaialdiaren 27. ekitaldia egingo da. Santa Zezilia eguna ere presente izango da herrian, eta hainbat musika emanaldi eta kontzertu egingo dituzte Donibanen eta San Pedron, azaroaren 22an.
Dantza ere protagonista izango da azaroan. Azaroaren 6an Ana Mendiolaren Danza del corazón emanaldia jasoko du Trintxerpeko alkateordetzak. Ikuskizun horrek poesia eta dantza uztartzen ditu. Horrez gain, Haatik dantza taldeak OTS antzezlana taularatuko du hilabete bukaeran.
Abendua
Abenduan 12 cm erakusketaren 30. ekitaldia egingo da. Abenduaren 12an irekiko da, San Pedron. Halaber, Irakurketa Klubak hamar urte bete ditu, eta urteurren hori ospatzeko, festa berezia egingo dute. Klub horretan lau barrutietako herritarrak biltzen dira, talde egonkor bat osatu dute eta askotariko liburuak irakurtzen dituzte.
Sarrerak
Emanaldi asko doakoak badira ere, ordainpekoak direnen sarrerak Bibe plataforman eskuratu behar dira, eta salgai daude jada.
Emanaldien xehetasun guztiak udalaren webguneko Agenda atalean kontsulta daitezke. Horrez gain, udal sareetan emanaldien argazkiak eta bideoak argitaratuko dituzte, eta herriko pantailetan argitaratzen den asteroko agendan ere irakurri ahal izango da. Emanaldi berriak antolatzen badira edo emanaldiek ordutegi aldaketak baldin badituzte, horiek udal webgune eta sareetan iragarriko ditu udalak.
