Antxoko Liburu Azoka antolatu du Txirrita AEK-k
Euskarazko liburuen azoka hilaren 26an (ostirala) izango da, 16:30etik 20:00etara, Gure Zumardian.
Pasaiako Txirrita AEK euskaltegiak Antxoko Liburu Azoka egingo du Sanfermin Txikietan. Hitzordua hilaren 26an (ostirala) izango da, 16:30etik 20:00etara, Gure Zumardian. Txirritak Errenteria-Oreretako Mirentxu liburu denda bidelagun izango duela jakinarazi du. Azokan euskarazko liburu mordoa jarriko dituzte salgai, mota askotakoak; esaterako, haurrentzako liburuak, helduei begirakoak edota komikiak.
Liburuen salmentaz gain, bisitariek hiru libururen zozketan parte hartuko dutela aurreratu dute sustatzaileek. Zozketa azokaren egunean bertan izango da, 19:30ean. Iniziatiba horren helburua da herritarren artean irakurzaletasuna bultzatzea. Adibidez, Pasaiako euskaltegien lan mahaiaren babesean, ikasleek zenbait liburu irakurri dituzte ikasturtean zehar, eta idazleen bisita ere izan dute ikasgelan. Azken urteetan Amets Arzallus, Uxue Alberdi edota Pablo Barrio Antxon izan dira.
2025-2026 ikasturtea ate joka dago, eta azokaren egunean euskaltegiko ikastaroen inguruko informazioa zabalduko dutela adierazi du Txirrita AEK-k.
