Urriaren 1ean zabalduko ditu ateak Lezoko ludotekak
4-11 adin tartekoentzako da zerbitzua, eta astegunetako arratsaldeak euskal giroan pasatzeko aukera izango dute izena ematen dutenek.
Lezoko ludotekak zabalik du ikasturte berrirako izena emateko aukera. Ez da epe jakinik izena emateko, sasoi osoan zehar eman daitekeela izena jakinarazi du Lezoko Udalak. Urriaren 1ean hasiko dira haurrentzako euskarazko aisi hezitzailea bermatzeko arratsaldeko jarduerak. Maiatzaren 29ra arte izango da zabalik herriko ludoteka.
Izen ematea egiteko bi aukera daude. Bat aurrez aurrekoa da, Lezoko Udalaren Donibane kaleko Euskara-Kultura sailera joanaz. Beste telematikoa da, Internet bidezkoa; baliatu esteka hau izen-emate atarira joateko. Udalak etxez etxe zerbitzuaren gainean jakin beharreko guztiekin informazio orrialdea banatuko du.
4-11 adin tarteko haurrentzako da ludoteka, eta astegunetan 16:30etik 19:30era izaten da zabalik. “Euskaraz jolasteko eta harremantzeko helburuarekin, haurren garapenean ludotekak osagarri eta lagungarri izan nahi du. Helburu horri heltzeko komunitateari eta herriari berebiziko garrantzia emango diote ikasturtean zehar, izan ere, Ludotekan herriko eragileekin elkarlanean arituko dira. Hilean behin herriko eragile bat izango da bertan, haurrek eragile desberdinak ezagutu eta eragileak gaztetxoenengana gerturatzeko”, zehaztu du udalak.
Iaz hasitako bide bati jarraipena emango diote aurten: hizkuntza errefortzuaren lanketa esplizitua egingo dute, ahozkotasunean indarra jarriz, euskararen erabilera nahiz aberastea helburu izanik.
Ikasturte osoaren matrikulazio kuota 42 eurokoa da; hiruhilekoarena 19 eurokoa, eta lau hilekoarena 26koa. Azken bi kasu horietan izena ematen den unetik izango da indarrean ordainketaren araberako zerbitzua.
