Emakume eta genero disidenteentzako bertsolaritza trebatze saioak, Oarsoaldean
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak antolatu ditu saioak, 2026an Herriarteko Txapelketa izango dela baliatuta.
2017ko herriartekoaren azken emanaldiko talde argazkia. Bederatzi urteko geldialdiaren ondoren, 2026an berriz ere egingo da Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa. Hori horrela, eta txapelketa horren harira, emakume eta genero disidenteentzako trebatze saioak antolatu ditu Gipuzkoako Bertsozale elkarteak. Eskualdeka egingo dira; horietan izena emateko aukera jada zabalik da, formulario erraz bat betez. Iraila eta urria artean izango dira saioak. Oarsoaldean ere izango dira.
Formularioan sartu beharreko datuak lau dira: izen-abizenak, posta elektronikoa, telefono zenbakia, eta norberari dagokion eskualdea. Hala, oraindik ez daude erabat zehaztuta eskualde bakoitzeko saioak noiz eta non egingo diren, beraz, izena ematen dutenei aurrez abisatuko diete formularioan jarritako kontakturako euskarrien bidez horiek non eta noiz izango diren.
