Palestinari babesa erakusketara deitu dute bihar, Atlantikaldiaren barruan
Sol Band talde palestinarrak zabalduko du Itsasargi nagusiko emanaldien zikloa, bihar osteguna. Orereta Palestinarekin herri dinamikak Palestinako banderekin joateko deia egin die herritarrei, elkartasuna adierazteko.
Sol Band taldeko sei kideetako lau, ekainean Atlantikaldia aurkezteko egindako agerraldian. Sol Band talde palestinarra izango da Atlantikaldiaren Itsasargi nagusira igotzen lehena. Agirre Lehendakariaren plazan kokatutako agertokian emanaldia eskainiko du Rahaf Shamaly, Hamada Nasrallah, Fares Anbar, Said Fadel, Abood Abuqassim, eta Ahmed Haddad musikariek osatutako taldeak. ez dira bakarrik arituko oholtza gainean, Olatz Salvador, Eñaut Elorrieta, Ines Osinaga eta Arkaitz Miner izango ditu bidelagun kontzertu berezi batean.
Atlantikaldiaren iazko ekitaldian parte hartzekoa zen taldea, baina Gazak bizi zuen egoera medio, ezinezkoa izan zuten taldekide gutziek batu eta emanaldia egitea. Aurten bai, bertan dira seiak, Errenteria-Oreretan. Euren musika eta abestien bidez Gazako eta Palestinako istorioak eta esperientziak kontatu nahi dituztela azaldu zuen Shamalyk jaialdiko kartel buruak aurkezteko ekainean egindako agerraldian: “Palestinaren egunerokoa kontatzen dugu, abestiak tristeak dira, genozidio batetik gatozelako, eta ez da erraza guretzat mota honetako kantak egitea”.
Gazako taldearen emanaldiaren harira, taldeari berari eta Palestinari elkartasuna adieraztera deitu du Orereta Palestinarekin herri dinamikak. Hori horrela, Itsasargi nagusia Palestinako banderekin betetzera deitu du, “azken urteetan argi utzi dugu Oreretan Palestinaren askatasunaren alde gaudela. Beraz bihar, Sol Band taldearen emanaldian, Palestinako bandera eskutan hartu eta gerturatu Agirre Lehendakariaren plazara elkartasuna adieraztera”.
Bihar, osteguna, izango da kontzertua 20:00etan.
Elkarrizketa, ostiralean
Atlantikaldiaren barruan bihar egingo duten kontzertuaren harira, elkarrizketa egin dio Sol Band taldeko abeslari Rahaf Shamalyri HITZA-k. Elkarrizketa hori ostiralean—hilak 19— argitaratuko duen papereko edizioan irakurri ahalko da, baita egindako bideoa ikusi ere.
