Urtzen ibilbideari gorazarre egingo diote
Musika talde pasaitarrak doako kontzertu bat emango du urriaren 4an San Pedroko Lonjako plazan, etxean, 19:30ean. EiTBk kontzertua grabatuko du, 'Oholtzan' saioan emateko.
Gaurko agerraldian izan direnen talde argazkia. Pasaiako Udalak, Pasaia Musikal Udal Fundazioak eta EiTBk gorazarre egingo diote Urtz musika talde pasaitarrari. Urtz 1988an jaiotako talde bat da, eta euskarazko rockaren erreferente bilakatu zen 1990eko hamarkadan. Taldeak bere jatorri pasaitarra aldarrikatu du beti, eta ia lau hamarkadako ibilbide hori goratuko dute orain, oholtza gainean. Urtzek doako kontzertu bat egingo du urriaren 4an San Pedroko Lonjako plazan, 19:30ean. Horrez gain, EiTBk emanaldi hori grabatuko du, eta aurrerago emango du Oholtzan izeneko saioan. Euria egingo balu, kontzertua Antxoko Ibaiondo frontoira lekualdatuko litzatekeela aurreratu dute.
Urtzeko kideak ez dira bakarrik izango, haiekin batera Pasaiako kultur eragileak ere oholtzara igoko baitira, eta bidelagun izango dituzte Juanje Neira Pasaiako Udal Musika eta Dantza Eskolako ikasle eta irakasleak, Pasaia Musikaleko kideak, eta Iker Murillo Studio 24ko dantzariak. Herriak taldeari “besarkada kolektiboa” egingo diola adierazi du Teo Alberro alkateak.
Gaur kontzertu omenaldi horren xehetasun guztiak eman dituzte Teo Alberro alkateak, Aitor Brion Kultura eta Ondare zinegotziak, Urtzeko Xabier Camarero eta Dani Vicente musikariek, Gorka Miranda Pasaia Musikaleko zuzendariak, Pasaia Musikaleko Josu Elberdinek eta EiTBko Luisma Laboak. Agerraldian, nola bestela, Urtzeko Camarerok eta Vicentek bi kantu eskaini dizkiete han izan direnei, Josu Elberdin pianoan lagun zutela.
“Urtz talde pasaitarra da, eta beti harrotasunez aldarrikatu dute hori. Harro gaude ia berrogei urteko ibilbidearen ondoren, euskarazko rockaren ondare izugarria osatuta, San Pedron berriz arituko direlako. Emanaldi berezi honekin Urtz bere jaioterrira itzuliko da. Eskertzeko garaia da, eta herri gisa eta kultura komunitate gisa eman digutenaren parte bat itzuli behar diegu”, adierazi du Alberrok.

Urtzeko Vicente eta Camarero, Josu Elberdinekin batera gaurko agerraldiko pasarte batean. Bi abesti interpretatu dituzte.
Xabier Camarero hasieratik izan da Urtz taldeari ahotsa ematen, eta egun, bertan jarraitzen du, tinko. Camarero Pasaiako Udal Musika Eskolako ikasle izan zen, eta horrek musika eskolaren ideia indartzen laguntzen duela nabarmendu du Gorka Mirandak: “Proiektu honetan parte hartzea sinbolikoa da guretzat. Izan ere, Xabier Camarero, Urtz taldeko liderra, Pasaiako Udal Musika Eskolako ikaslea izan zen bere garaian, eta horrek indartu egiten du guk dugun ideia bat, alegia: musika eskola batek pertsonak prestatzeaz gain, bere inguruan kultur transmisioa eta ekintza soziokulturala bideratzen dituela. Xabierren ibilbideak ederki ilustratzen du printzipio hori: ulertu zuen musika ezin dela ikasgela bateko lau hormen artean itxita geratu, baizik eta komunitaterantz proiektatu behar dela, komunitatea aberastuz eta eraldatuz”.
Alberrok eta Mirandak oroigarri bat eman diote Camarerori, eta “bihotzez” eskertu du Pasaiako Udalak eta herriak egingo dieten errekonozimendua. Urtzeko kideek ere bi abesti kantatu dituzte: “Taldea herri honetan sortu zen eta ohorea da herri honetan omenaldia jasotzea. Pasaia-Lezo Lizeoan osatu zen taldea eta ikasmahai horretan marraztu genuen ibilbidearen zirriborroa. Momentu horretan ezin genuen imajinatu gure abestiak, ia lau hamarkada ondoren, tabernetan eta gure zaleen bihotzetan egongo zirenik. Gaurko aitorpen hau, taldearen sorreratik izan ditudan bidelagun guztiei eskaini nahi diet. Kontzertua portuan egiteak ilusio handia sortzen dit, aitona arrantzalea nuen, amona saregilea… oso polita izango da haurtzaroan bizitako uneak berriz sentitzea”.
Horrez gain, eskuartean duten hurrengo proiektuaren zertzeladak aurreratu ditu Urtzeko kideak: “Urte bukaeran musika lan akustiko bat kaleratuko dugu eta Euskal Herriko antzokietan aurkeztuko dugu 2026an. Gure jarraitzaileei omenaldi bat egin nahi diegu”.
