Baso sute arriskua dela-eta, zuhurtziaz jokatzeko deia
Tenperatura altuek eta baldintza meteorologikoek sortutako egoera aintzat hartuta egin du deia udalak; Euskalmetek gaurko alerta horiak ezarri ditu tenperatura oso altuengatik eta sute arriskuagatik.
Errenteriako Udalak zuhurtziaz jokatzeko deia luzatu du gaur eguraldiarengatik dagoen baso sute arriskuagatik. Tenperatura altuek eta baldintza meteorologikoek sortutako egoera aintzat hartuta egin du deia udalak; Euskalmetek gaurko alerta horiak ezarri ditu tenperatura oso altuengatik eta sute arriskuagatik.
Egoera horrek prebentzio neurriak zorroztea eskatzen duela gogorarazi du udalak, “bai osasunaren, lanaren eta babes pertsonalaren aldetik, eta horrekin batera, zuhurtzia handiz jokatzeko beharra sute arriskua saihesteko”.
Zuhurtzia bereziki aire libreko jarduerei dagokiela nabarmen jarri du, “egungo alarma mailak ez dakar momentuz Listorretako bezalako merenderoak ixtea, ezta horretarako prestatutako guneetan sua egitea debekatzea ere, “hala ere instalazio horien erabilera ahalik eta gehien murriztea eta ahal den neurrian sua piztea saihestea gomendatzen dugu”.
Bero boladetarako Eusko Jaurlaritzak zabaltzen dituen gomendioen berri ere eman du udalak. Ura maiz edatea, egarria izan gabe ere eta alkoholdun eta azukredun edariak saihestea; toki freskoetan egotea; jarduera fisiko handia murriztea; arropa arina, transpiragarria eta kolore argikoa erabiltzea; burua eta begiak babestea; arreta berezia eskaintzea adinekoei, haurrei, gaixotasun kronikoak dituztenei, eta aire zabalean lan egiten dutenei.
Sute arriskuarekin lotuta berriz, honako gomendioak udalak: zigarrorik ez botatzea mendian edo landareria den eremuetan; erretze lanik ez egitea; eta sua edo kea antzemanez gero, 112ra deitu eta eremutik urruntzea.
