Beherakadari galga jarri nahi diote hausnarketa piztuta
Euskara erdigunean jarriko du Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak urritik abendura arte antolatu duen hitzaldi zikloaren bidez. Ikasi eta hausnartu ere egingo dute parte hartzaileek.
Euskararen misterioa iraupena da, ez jatorria izenburupean euskararen historiaren gaineko ikastaroa antolatu du Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak urriaren 11n hasi eta abenduaren 13ra arte. Esaldi horren atzean Koldo Mitxelena Elissalt errenteriarra da, hizkuntzalari handiak esan zuen 1978an. Ikastaroa ez da ezerezetik sortu, Tolosako Galtzaundi elkarteak Altzoko Kultura Batzordearekin elkarlanean ondutako esperientzia da. «Urte hasierarekin batera egin zuten ikastaroa, horren berri jaso eta gurera ekartzea pentsatu genuen», azaldu du Aitzol Perez de San Roman Ttur-Ttur elkarteko kideak: «Erabateko prestutasuna erakutsi zuten hasieratik, baita parte hartu zuten adituen kontaktuak pasa ere. Azken horiek ere erabateko eskuzabaltasunez erantzun ziguten. Oso interesgarria eta baliagarria iruditu zitzaigun gurera ekarri eta Oiartzunen ez ezik, Oarsoaldean ere eragiteko».
Horrela josi dute euskararen etorkizunaren gainean hausnartzea helburuetako bat duen bost saioko hitzaldi zikloa. Historia oinarri hartuta lau saio egingo dituzte, eta bosgarren saioa hausnarketarako izango dela azaldu du Perez de San Romanek: «Aurrera begira jarri eta etorkizuna nola ikusten dugun aztertzeko izango da. Badakigu une honetan bidegurutze batean gaudela eta nondik heldu behar diogun gogoetatzeko balioko digula sinistuta gaude».
Euskararen iraupenari erreparatu dio oiartzuarrak, harentzat ere hori da gako edo misterioa. «Helduleku polita da hizkuntza gutxitua izanik, hiztun komunitate txikia edukita, hizkuntza handien ondoan bizirauteko gai izan garela ohartzea. Orain arte horrela izan bada, zergatik ez dugu bada mantenduko etorkizunean? Niri pertsonalki harrotasuna eragiten dit horrek, argitu daitekeen misterioa badela iruditzen zait».
Oarsoaldeko herrien artean Oiartzun da euskara bizien duena, osasungarrien; hutsik egin gabe esan daiteke hori. Hala ere, atzera pausuak egin dituztela bide horretan sinistuta azaldu da Ttur-tturreko kidea: «Euskara osasuntsu badago ere, kolokan izan gabe gurean, atzerakada bizi duela ukaezina da. Eskualde zein inguruko herri euskaldunena izanik ere, behera egin du».
Erabilerak behera egin duelako kezka
Begirada zabalduta, UEMAko kide diren herrietan antzekoa gertatzen ari dela esan du, «kezka badugu, erabilerak behera egin duelako, gaitasunean eta hizkuntz aberastasunean ere asko egiten ari gara behera». Hori horrela, «pizkunde» baten beharra aipatu du euskaltzaleen bilguneko kideak: «Indartu behar dugu euskararen aldeko jarrera, baina eguneroko bizimoduarekin lotura duten hainbat faktoreetan ere eragin beharra dago».
Euskara hauspotzeko beharra badago; baina aukerak ere badirela dio. Ez du horretan zalantzarik. «Aukerak ikusten ditugu, noski. Badira norbanakook egin ditzakegun kontuak hori aldatzeko, baina horrekin batera kolektiboki hartuko diren erabaki ausartak ezinbestekoak ditugu euskararen erabilera babesteko. Erasoak eta mehatxuak nondik datozen ikusita, kolektiboki eman behar ditugu pausuak».
Antolatu duten hitzaldi zikloak aukera horien ikuspegia zabaldu nahi du parez pare, kezka erdi-erdian jarri eta euskararentzat espazioak irabazi.
Oiartzunen izango da hitzaldi zikloa eta lanketa, baina inguruko eskualde eta herriei zabaldu dizkiete ateak antolatzaileek, aukera «polita» izango dela uste baitute: «Guk behintzat ez dugu askotan antolatzen halako ziklorik, eta lanketa interesgarri eta aberasgarria iruditzen zaigu. Hemendik, beraz, inguruko herrietako biztanleei gonbita luzatu nahi diegu bat egin dezaten eta hitzaldi zikloan parte har dezaten».
Izena ematea zabalik
Urriaren 11tik abenduaren 12ra bitartean bost saio egingo dituzte zikloaren barruan, «idealena bostetan parte hartzea da, baina bateren batek ezingo balu guztietan aritu ere ez dago arazorik». Izena emateko epea zabalik da hilaren 28ra arte. Ikastaroak 20 euroko prezioa du. Internetetik eman daiteke izena, eta horretarako web orrian gonbidapena lortu behar da (klikatu hemen), eta 20 euroko ordainketa egin ondoren ES27 3035 0126 61 1260037425 kontu korronte zenbakian. Ordainketaren agiria oiartzun@tturttur.eus helbidera bidali behar dute ondoren izen ematea ixteko. Presentzialki ere ahalko da izena eman, Ttur-tturren bulegora gerturatuta; 943 26 01 82 telefono zenbakira deituta ere eman daiteke izena.
Jendea parte hartzera animatu dute, «ez dira herrian eta hemen inguruan halako ikastaro asko egiten, aukera polita izango da, interesgarria».
