"Bertatik igarotako gazte orori zor diogu egun Gaztetxeak bizirik irautea"
Mende laurdena beteko du urrian Zabala Enea II Gaztetxeak. Urteurrena ospatzeko ondu duten egitaraua aurkeztu dute belaunaldi ezberdinetan gaztetxetik pasatako lagunekin.
Gazte asnabladak Zabala Enea II Gaztetxearen 25 urteurrenaren harira antolatutako egitaraua aurkeztu du Mende laurdena beteko du Zabala Enea II gaztetxeak urriaren 4an, eta urteurren biribila ospatzeko egitarau zabala ondu dute gazte asanbladako kideek. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten prestatu duten jarduera sorta, urte horietan guztietan Gaztetxetik pasatako hainbat lagunekin batera. Horiei denei esker ona adierazi zieten egun gazte asanbladako parte direnek: “Gaztetxetik igarotako gazte orori zor diogu egun gaztetxeak oraindik bizirik irautea”.
Zabala Enea II gaztetxearen aurrealdean egin zuten agerraldia atzo gazteek eta bertara bildutakoak zerbait batzen dituela azaldu zuten: “Gaztetxeak bere bidean izan dituen zenbait bidelagun elkartu gara gaur. Duela 25 urte igo ginen lehenengoz Zabala Enea II gaztetxera. Aurreko hamarkadetako ilusio eta borroka grinari jarraituz iritsi ginen Gaztañoko haur eskola zaharrera, gazteon ametsei bertan bide eman asmoz”.
Ordutik makina bat belaunaldi igaro direla bertatik nabarmen jarri zuten, “ateak zabaldu zituenetik bigarren etxe bihurtu zen guretzat, eta hala izaten jarraitu du urte hauetan guztietan”.
Eskuz esku, belaunaldiz belaunaldi pasa dute lekukoa: “Proiektu eta anbizio berriekin, baina beti borroka eta bultzada berari eutsiz”.
Espazioaren garrantziari erreparatu zioten atzoko agerraldian, izan ere, gaztetxea “konplizitateak saretu” eta eta “!elkarlanean” aritzen diren lagunak direla azaldu zuten, “belaunaldien arteko zubiak eraikiz”. Atzo argazkira bildutakoak gazte borrokan aritutako belaunaldi ezberdinak bizirik, gazte eta errebelde direnaren adierazgarri direla ere esan zuten.
Urte berezia izanik, urte osoa daramatela mende laurdena ospatzen eta 25 urte igaro arren gaztetxeak ilusioz eta indarrez jarraitzen duela erakusten azalduta, urrirako ondutako egitaraua izan zuten hizpide. Hala, urriaren 11n bertso afari elegantea antolatu dutela jakinarazi zuten. Azken urteetako arrakasta ikusita berrikuntza batekin dator, Gaztañoko frontoian egingo dute. aurretik karropoteoa egingo dute herriko kaleetan barrena girotzeko. afariaren ondotik, berriz, DJ Enabil arituko da gaztetxean.
Afarirako txartelak salgai daude jada, 12 euroan ikasleentzat eta 15 euroan langileentzat, Arkaitza eta Landare tabernetan.
Ibon Zabalari omenaldia
Gaztetxetik pasatako ehunka gazteak gogoan izan zituzten atzoko agerraldian, eta bereziki Ibon Zabala, “borrokan dena eman zuen eta 30 urte pasa dira lehen gazte eguna izan zen hartako istriputik. Egungo gazteok ez genuen Ibon ezagutu, baina ibilbide osoan gogoan eta presente izan dugu”.
Urteurrenean “hitzordu kuttuna” izango dute urtero bezala Urdaburun. Bertan omenaldia egingo diote Zabalari.
Egun handia, urriaren 25a izango da, baita urteurreneko ekitaldirik garrantzitsuena. Gaztetxetik herri Erdigunera jaitsi eta bertan ospatuko dute goiz goizetik gaueko ordu txikiak arte. Azoka, bazkaria, kontzertuak eta beste hainbat sorpresa iragarri dituzte egun handirako.
Urriaren 31n berriz, Azken Ostiralarekin bat egingo dute gazteek, “gure borroka kalera eraman eta elkartasuna praktikan jarriko dugu, behin betiko denak etxean izan arte”.
Urria ospakizun, memoria eta borroka hilabetea izango dutela esan zuten gazteek bukatzeko, eta herritar guztiak deitu zituzten adina gorabehera, ekitaldiekin bat egitera: “Atzera begira jarri gara, ikasteko, 125 urte hauetako historiari begirada bat emateko, indarrak hartu eta aurrera jarraitzeko. 25 urte hauetan etengabe sinetsi eta borrokatu gara norbanakoaz harago doan honetan, komunitate egiten gaituen espazioan, antolatzeko tresnak eman eta sistemari ostiko emateko indarra ematen digun gaztetxean”.
