Errenteria-Orereta itsas hiribildua izan zenekoa
Atlantikaldiaren barruan hainbat bisita gidatu antolatu dituzte; horietako batek udalerriaren iragan itsastarra azalduko du, historia zinez kitzikagarria agerian jartzeko.
Errenteria-Oreretaren sustrai itsastarrak ezagutzeko aukera emango dute Atlantikaldiaren barruan antolatutako bisitetan. Denera antolatu diren zazpi bisitetako bat da Oreretatik itsas hirira bisita gidatua; bihar eta igandean egin ahalko da —bietarako plazak agortu egin dira— gaztelaniaz eta euskaraz, hurrenez hurren.
Bisita horretan parte hartzen dutenek, udalerriaren historia ezagutzeko aukera izango dute Orereta Oiartzungo bailara osatzen zuen auzoetako bat zenetik, Altzibar, Elizalde eta Iturralderekin batera, XVII. mendera arte. 1320. urtean izendatu zuen hiribildu udalerria Alfontso XI.ak Donostiako forua eman zionean. Hiribildu titulua lortuta, bailarako buru politikoa bihurtu zen. Erdi Aroan eta XVII. mendearen erdialdera arte, hiribildu harresitua urarekin kontaktuan zegoela ikasiko dute besteak beste bisitariek, eta Errenteria-Orereta, beraz, itsas hiribildua zela; gaur egungo Gamon Zumardira eta Foru plazara iristen zen ura, eta agiri historikoek jasotzen dutenaren arabera, sarritan itsasgorek kale eta etxeetan kalteak eragin zituzten. 1535. urtean elizako kanpandorrea ere kaltetu zela aipatzen da horietan. Garai hartako hiribildua beheko kaleak, erdiko kaleak, Eliza kaleak eta Goiko Kaleak osatzen zuten.
XVI. mendearen bukaeran iparralderantz zabaldu eta Santxoenea, Andra Mari eta Kapitain Enea kaleak eraiki zituzten. Harresia ere zabaldu zuten, orduan, hiribildu osoa babesteko; bost ate zituen sartzeko. Bi lurrekoak: Frantziako edo Santa Klarako atea —Erdiko kalearen bukaeran—, eta Nafarroako, Sanjuango edo Gaztelutxo—Goiko kalearen bukaeran— izenez ezaguna zen atea. Uretakoak, hiru: Ugarritzeko atea—Errenteria Lezorekin komunikatzen zuen—, Itsasoko atea —Kapitanenea, Andra Mari eta Santxoenea kaleak batzen diren tokian—, eta Errenteriako atea, —Herriko Plaza eta Foru plaza elkartzen diren tokian—.
Matxin Errenteriakoaren jauregia
Hiru sute handik ia hiribildu guztia suntsitu zutela —1476, 1512 eta 1638 urteetan— ere ezagutuko dute bisitariek, baita XV. mendearen bukaeran hiribildua Andaluzia, Bartzelona, Frantzia, Italia eta bereziki Ingalaterrako Bristol hiriarekin harremanetan izan zela, eta udalerriko marinel, itsas kapitain eta merkatariak Tunisia edo Algerian aurki zitezkeela garaian.
Azalpen horiek eta beste asko jasota, tokian-tokian historia ezagutzeko aukera izango da gidaren eskutik. Beheko kaletik pasako dira, hori da iragan itsastarra hobekien mantendu duen kalea, etxeetako atarietako blasoiek erakusten duten bezala. Handik, Erdiko kalera joko dute, Frantziako atea zen tokira. Hiribilduak izandako suteen gaineko informazioa jasoko dute, besteak beste, 1512. urtean izandakoan hiru etxe bakarrik salbatu zirela. Horien artean, Matxin Errenteriakoa delakoaren jauregia, gaur egun Kapitain Etxea den tokian zegoena. Besteak beste Bizargorriren aurka borrokatu zen Matxin Errenteriakoa 1521ean, eta frantsesen kontra Hondarribiaren defentsan, 1523an.
Handik, Herriko Plazara egingo dute jauzi, sorrerako Errenteria ezagutzeko. Bertan den Jasokundeko Andra Mariaren elizaren lehen aipamenak XIV. mendekoak direla ezagutuko dute, 1364 ingurukoak, baita Oiartzun Errenteriaren menpe zegoela politikoki zein ekonomikoki hiribilduaren sorreratik, baina erlijio kontuetan Oiartzunek agintzen zuela.
Eliz kalean izan zen Txikitoren fonda eta harengatik izena hartu zuen Txikitoren kantoiaren gaineko berri jaso eta Orereta kalean barrena Arranbide jauregia, Torrekua eta Morrontxo dorretxeetara helduko dira, Goiko kalean. Herriko Plaza eta Foru plaza izango dira hurrengo geltokiak, bi kale horiek bat egiten duten lekuan zegoen Errenteriako edo Donostiako atea, eta portua zaintzen zuen. Hiribildura iristen ziren produktuak gordetzen zituen eta horien gaineko zergak kobratzen ziren lonjaren ondoan zegoen.
Kapitain Enea kaleko Kapitain Etxearen gainekoak kontatuko dituzte bukatzeko; Errenteria-Oreretako etxe zaharrenetako bat da hori. Eta herritarrentzat oso esanguratsua den Mikelazulo pasagunean ere egingo dute geldialdia bisitaldian; izena nondik datorkion jakin nahi duenak Oreretatik itsas hirira bisita gidatuan aurkituko du erantzuna.
