"Euskal Herrian ez gara bakarrik sentitzen"
Atlantikaldian eman du kontzertua Sol Band talde palestinarrak, atzo. Palestinako folk eta popa uztartuz, bertako kulturaren erakusleiho handia bilakatu da seikotea nazioartean. Musika da haien erresistentziarako tresna.
Genozidioaren lehen hilabeteak Gazan pasa zituzten, hura da eta haien etxea. Momentu oso latzak dira haientzat, haien familiak oraindik Gazan daudelako. Halere, Rahaf Samalik ez du irribarrea galdu. Eskerrak emanez agertu da elkarrizketara, haien istorioa kontatzea ezinbestekoa da-eta seikotearentzat.
Euskal Herrian jada denbora bat daramazu, nola sentitzen zara hemen?
Euskal Herrian egotea ohore bat da niretzat. Hemen Palestinaren aldeko mugimendu handia dago. Ozenki hitz egiten da gure herriari buruz, gure banderak edonon ikus daitezke eta denek dute gogoa Palestinaren alde borrokatzeko. Horrek sentiarazten dit ez nagoela bakarrik, gure jendea eta Gaza ez daudela bakarrik. Nire etxea bezala ulertzen dut Euskal Herria. Ez da nire bigarren etxea, etxea baizik. Oso eskertuak gaude hemen bizi dugun guztiagatik.
Orain, bakarrik ez sentitzea da garrantzitsuena zuentzat, ezta?
Euskal Herrian ez gara bakarrik sentitzen. Hemen jendeak gure egoera ezagutzen du, genozidioa hasi baino lehenagotik ere, eta hori gauza garrantzitsua da.
Nola deskribatuko zenuke Sol?
2012an Gazan jaio eta hazi zen musika talde palestinarra gara. Folk eta pop musikak uztartzen ditugu gehienbat, beti ere gure herriko musika eta kultura mantentzeko apustua eginez. Gure musikaren eta letren bidez gure bizitzari buruz hitz egiten dugu, musika baita gure boterea.
Zer da kontatzen duzuena?
Gure abestiak ez dira edonork egin ditzakeen abestiak. Oso pertsonalak dira, gure istorioak kontatzen dituztelako. Genozidioaren aurreko eta ondorengo bizipenak, Gazatik atera behar izan genuenean izandako istorioak… Gure sentimenduak abestietan irudikatzen ditugu, Gazan gertatzen denari eta gure jendeak bizi behar dituen gauzei buruz hitz eginez. Mundu osoari kontatzeko istorioak dira.
Nola sentitzen zarete munduan zehar Palestina ordezkatzen ari zaretenean?
Alde batetik, oso eskertuta, eta bestetik, ardura handia da, are gehiago genozidioa hasi denetik. Gazan hazi den palestinar abeslaria naiz, bere etxea eta familia atzean utzi behar izan zituena, genozidioa hasi eta zazpi hilabetetara. Atzean utzi genituen bagenekielako bagenuela munduari mezu bat partekatzeko ardura. Munduak jakin behar du ez garela soilik zenbakiak, asko errepikatzen delako ehunka palestinar hil direla. Ez, pertsonak gara, palestinarrak gara, eta hori zabaltzea oso garrantzitsua da. Palestinar talde bat gara, bizitza maite dugu, itxaropena mantentzen dugu eta bizitzari abesten diogu, sufritzen egon arren. Zaila da hori ulertzea, ez baitira erraz uztartzen diren gauzak, baina hemen gaude, eta gure musika abesteko gogoa dugu, gure lurra aske ikusteko nahiarekin. Badakigu noizbait aske izango garela.
Gaur egun, Palestina barnean kultura egin daiteke?
Hitz egin beharreko gauzarik garrantzitsuenetarikoa da hau. Genozidioa baino lehenago Gaza bizitzaz beteriko lekua zen. Gu, gure instrumentu txikiekin musika egiteko elkartzen ginen lagun talde bat izan gara betidanik. Ez zen bizitza onena, ezin dugu alderatu Gazatik kanpo bizi den inorekin, baina guretzat bizitza zen. Orain, lehen genuen hori faltan botatzen dugu, eta hori berreskuratzeko jarraitzen dugu borrokan.
Baduzu ametsik?
Genozidioa hasi denetik, hori bera gelditzea nahi dut. Nire familia ongi egotea amesten dut, eta nire inguruko jendea haien bizitza normalera itzultzea nahi dut. Gizakiak gara eta merezi dugu soilik gure kezketan, gure bizitza profesionalean eta halakoetan pentsatzea. Gaur egun askok duten kezka handiena da ea non lo egingo duten jakitea. Laburbilduz, nire jendearen ongizatea nahi dut, eta Sol moduan, gure musika mundu osotik hedatzea, han eta hemen kontzertuak emanez, beti ere Palestinako bandera eskuan edukiz eta astinduz.
Beti mantentzen duzue borrokarako indarra?
Ez da erraza. Orain bizitza on bat daukat. Arropa berria dut, badaukat zer jan… bizitza erraza da. Baina nire familia han dago, eta sufritzen daude, gose dira, ihesean dabiltza… ez da egoera jasangarria. Astelehenean nire etxea lehertu zuten, eta ni hemen nago, abesten. Ez dakit nola egiten dugun, baina uste dut palestinarrok badugula indar berezi bat. Nik ardura handia dut nire familiarekiko, eta beraiengatik indartsua izan behar naiz, jarrera ona eduki behar dut, haiek niregatik asko jasotzen dute-eta emozionalki. Haien itxaropena naiz.
Genozidioari ikusgarritasuna ematea eta hari buruz etengabe hitz egitea baliozkoa da?
Kontziente gara hitz egiten ez dela genozidioa amaituko, baina palestinarrei bakarrik ez gaudela sentiarazten diguzue, eta hori, lehen esan dudan moduan, oso garrantzitsua da. Kanpoan gutaz hitz egitea oso boteretsua da Gazako pertsonentzat, hori behar dugulako. Genozidio bat gainean izan arren, pertsonak gara.
Munduan zehar egiten diren protestek badute eraginik Gazan?
Bai, noski. Sare sozialak baditugu bertan. Gaur egun, mugikorra boterea da. Oso garrantzitsua da bertan dauden pertsonei babesa ematea, sentiaraztea ez daudela bakarrik.
