Bigarren zatiak onak izaten dira Lezoko festetan
Santakrutzen bigarren eta azken asteburua izango da datorrena. Bihar (larunbata) baserritarrenak izango dira festak, eta igandea inude eta artzainen desfilearena nahiz Josetxo Etxandiren herri mailako finalena.
Iazko artzain eta inudeen desfilearen une bat. Hainbat film entzutetsuk bigarren zatiak (edo hirugarrenak, laugarrenak…) izan dituzte. Adituek diote jatorrizkoaren esentziarik, izaerarik ez dutela horiek. Lehen kolpeak sortutako zirraratik urrun daudela. Bada, Lezon ez da hala izango. Filma ez, baina agian atalka planteatu den festa aroa bizi dute lezoarrek: Santakrutz Jaian lehen zatia joan den asteburuan eta aste hasieran egin zuten (aurretik ere izan ziren ekitaldiak); eta bigarren kolpea gaur hasi eta igandera bitartekoa izango da.
Agian, hilaren 13koak eta 14koak izan ziren santakrutzak ezaugarritzen dituzten ekitaldiak bildu zituzten egunak: txupinazoa, elkarteen danborrada, i-14ko bazkariak… Baina badira oraindik ere Lezoko iraileko festen ikur diren egunak. Horren adibide izan daitezke biharko (larunbata) Baserritarren Eguna, eta igandeko ekitaldi sortaren barruko inude eta artzainen desfile handia, nahiz Josetxo Etxandi Pilota Oroitaldiaren herri mailako txapelketako finala. Gaurko eta biharko ekitaldien zerrenda ondoko koadroan ikus daitezke; bestelako guztiak oarsoaldea.hitza.eus webgunean.
12:00etan hasiko da, Lopene plazatik, igandeko inude eta artzainen desfilea. Lezoko Desfile Taldearen ekimenez urtero indartzen eta hazten ari den ekitaldia da, agian garai bateko Lezoren kronika segizio bitartez egiten duena. Dozenaka eta dozenaka dira bertan parte hartzen dutenak, izan haur, heldu edo adineko. Den-denak txukun-txukun karakterizatuta, izan artzain, inude, haurren danborradako kide, suhiltzaile, erizain, ijito edo apaiz.
Igandeko beste une beroa 17:00etan iritsiko da. Josetxo Etxandi Pilota Oroitaldiaren XLIX. ekitaldiko herri mailako pilotarien finalak jasoko ditu, eguraldia egokia bada, Goiko plazako Josetxo Etxandi pilotalekuak. Ostegunean ziren jokatzekoak finalerdiak, hau da, HITZAren zenbaki hau inprentara bidali eta gero. Hedabide honek, beraz, ezin du ziurtasunez esan nor ariko den txapelen bila; ziur dena da pilotalekua herritarrez beteko dela, iazko finaletan 500 bat izan zirelako ikusleak.
Festa giroa ez da bukatuko
Ez pentsa igandeko zezensuzkoarekin agur esango diotela lezoarrek festen aroari. Datorren ostegunetik larunbatera, hilaren 25etik 27ra, Tiñelu elkartearen Garagardo Festa egingo dute Karlos Saldise plazaren aterpean.
Hiru egun horietan 18:00etan zabalduko dute garagardozaleen gunea. Hiru egunen ordutegi aldea itxieran dago: ostegunean 01:00etan itxiko dute, ostiralean 01:30ean, eta larunbatean 02:00etan. Hamalau garagardo klase (alkoholik gabekoak ere bai) dastatzeko aukera izango da bertan, baina gisa horretako festetan ohikoak diren elikagaiak jatekoa ere.
Girotze jarduerak ere izango dira Karlos Saldisen. Hilaren 26an, esaterako, Traband taldeak eta Jaixkipe txarangak mugiaraziko dituzte apar zuriaren zaleak; azken egunean, hilaren 27an, Lau Katu txarangaren esku musika.
Santakrutzak. Egitaraua.
Gaur (hilak 19, ostirala)
- 17:00. Karlos Saldisen, uretako zezena, apar festa eta merienda.
- 23:00. Karlos Saldisen, Maruxak taldea.
- 00:30. Karlos Saldisen, Liatu Garete DJa.
Bihar (hilak 20, larunbata)
- 09:30. Ganadu feria Josetxo Etxandi pilotalekuan.
- 10:00. Motorren irteera, Itzel kafetegitik.
- 10:00. Diana eskualdeko dultzaineroekin, Gurutze Santuaren plazatik.
- 11:00. Haurrentzako herri kirolak Saldise plazan.
- 11:00. Jolasak (toka, potoa eta igela) Goiko plazan.
- 12:00. Idi dema probalekuan.
- 12:30. Buruhandi eta erraldoiak Bekoerrotatik.
- 13:00. Paella lehiaketa Jauregialden.
- 13:30. Ganadu feriaren sari banaketa probalekuan.
- 14:00. Motorzaleen topaketa Lezotarra tabernan, eta erakusketa.
- 14:00. Baserritarren bazkariak, bertsolariekin. Ixkulin elkartean Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña; Tiñelu elkartean Saioa Alkaiza eta Onintza Enbeita.
- 17:00. Antzerki musikatua Gurutze Santuaren plazan.
- 18:00. Idi dema probalekuan.
- 18:30. Hamarru elektrotxaranga, Karlos Saldise plazatik.
- 19:00. Patata tortilla txapelketa Lope Isasti plazan.
- 19:00. Buruhandi eta erraldoiak Karlos Saldisetik.
- 20:00-23:00. Ezten Giro taldearekin erromeria Gurutze Santuaren plazan.
- 20:30. Herri afari autogestionatua Lope Isasti plazan.
- 22:00. Kontzertuak Karlos Saldisen: Mirua eta Hofe. Ondoren, DJ Sarata.
Etzi (hilak 21, igandea)
- 10:00. Eskualdeko dultzaineroen diana.
- 12:00. Lopenetik, inude eta artzainen desfilea.
- 17:00. Josetxo Etxandi pilotalekuan, Josetxo Etxandi Oroitaldiko herri mailako pilota txapelketaren finalak.
- 18:30. Erraldoi eta buruhandiak Karlos Saldise plazatik.
- 20:30. Goiko Plazan, El baile de la Zurda eta Argilunak dantza ikuskizunak.
- 22:00. Zezensuzkoa Gurutze Santuaren plazan.
