Manifestazioa egingo dute gaur etxez etxeko langileek
Negoziazioak blokeatuta daudela salatuko dute, eta 18:00etan irtengo dira, Trintxerpeko HAZetik. 25. greba eguna dute gaurkoa Pasaiako etxez etxeko langileek.
Pasaiako etxez etxeko zerbitzuko langileek greban jarraitzen dute. Langileen 25. greba eguna izan da gaurkoa, eta “prekarietatetik” aterako dituen hitzarmenaren negoziazioa aldarrikatzen dihardute. Pasaiako etxez etxeko zerbitzua publikoa izan beharrean, ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dute Pasaiako Udalak kanpoko enpresa batekin duela azpikontratatua zerbitzua: Matia-Goxara enpresarekin.
Erabaki horrek beren lan eta bizi baldintzetan “eragin zuzena” duela eta maila bereko lana egiten duten udaleko lankideekiko “diskriminazio egoeran” daudela salatu dute langileek. “Lan berdina egiten dugunok, soldata berdina merezi dugula defendatzen dugu”, esan dute.
Beren lan baldintzak duintzeko prozesuan, publifikazioa eskatu dute zerbitzuko langileek, eta hori gauzatu bitartean, beren lanaren aitortza eta gainontzeko langileekiko parekatzea eskatu dute. Hori dela eta, udalari beren baldintzak duintzeko behar duen ardura hartu eta baliabideak jartzeko eskatu diote.
“Udalak baliabide ekonomikoak agindu dizkigu, baina hauek langileen lan baldintzetan islatu behar direla ziurtatu behar du. Enpresak ez du negoziatzeko inongo borondaterik adierazi. Udalak hitzarmena hobetzeko agindu dituen baliabide ekonomikoak, Matia-Goxara enpresak bere etekinetara bideratu nahi ditu”, jakinarazi dute sindikatuek.
Denbora aurrera doa, eta langileak “egoera prekarioan” daudela salatu dute: “Langile gehienek lanaldi partziala dugu, ez daukagu soldata finkorik hilabete bukaeran, orduka ari gara lanean eta, egun osoa lan egiteko eskuragarritasunarekin, eta baja hartzen dugunean %75 jaisten zaigu soldata”.
Hori dela eta, enpresari zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eskatu diote langileek: “Gure egoera prekarioaren ardura hartu dezala, eta udalak diru publikoa erabiliz ordainduko duena, gure hitzarmena hobetzeko bideratu dezala, beraien etekinak are gehiago handitu beharrean”.
Aldarrikapenak lortu bitartean, langileek argi utzi dute greban jarraituko dutela, lan eta bizi baldintzak prekarietatetik ateratzea lortu arte. Gaur manifestazioa egingo dute Pasaiako kaleetan zehar, negoziazioak blokeatuta daudela salatzeko. 18:00etan irtengo dira, Trintxerpeko HAZetik.
