Bueltan da Parketarrak
Lehen ekitaldiaren arrakasta ikusita, egitasmoaren bigarrena hilaren 29tik urriaren 23ra bitartean izango da, lau barrutietako plaza eta parkeetan.
2025eko Euskaraldia bete-betean Parketarrak izeneko egitasmoa jarri zen martxan Pasaian, lehen aldiz. Iniziatibaren balorazio “oso ona” egin du Pasaiako Udalak, familia dezentek hartu baitzuten parte, eta programari jarraipena ematea adostu du orain Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak. Udazkeneko txanda hilaren 29tik urriaren 23ra bitartean izango da.
Sustatzaileen helburua da familia bidezko transmisioan eragitea, haurrak eta gurasoak elkarrekin euskaraz jolasteko espazioak sortuz. Parketarrak 3-5 urteko haurrak dituzten familiei begirakoa da, eta Pasaiako lau barrutietako parke eta plazetan gauzatuko da. Saioak Hezten elkarteko hezitzaileek gidatu eta dinamizatuko dituzte, baina parte hartzeko, beharrezkoa da haurrekin gurasoak edo arduradunak ere aritzea, haiek baitira ume horien erreferentziazko pertsonak.
Saioak doakoak dira, eta ordubeteko iraupena izango dute. Saioek ez dute kide kopuru mugarik izango, eta parte hartzeko, ez da izena eman beharko. Hezitzaileak inguruan dauden 3-5 urteko haur guztiak eta horien familiak parte hartzera gonbidatuko dituzte.
Hezitzaileek parte hartzaileen ezaugarrien arabera moldatzen dituzte saioak. Saio guztiak euskaraz izango dira, baina ez da beharrezkoa euskara ulertzea, hezitzaileak arduratuko baitira partaideek jolasen azalpenak ulertu dituztela bermatzen. Horrez gain, taldearen ezaugarrien arabera, hezitzaileek aproposenak diren jolasak aukeratuko dituzte.
Donibaneko saioak astelehenetan izango dira (hilak 29, eta urriak 6, 13 eta 20), JJ Otaegi plazan, 17:00etan. Euriarekin frontoira lekualdatuko dituzte jolasak. Antxoko Parketarrak asteartetan izango dira (hilak 30 eta urriak 7, 14 eta 21), Ibaiondoko plazan, 17:30ean. Euriarekin frontoira lekualdatuko dituzte saioak. San Pedro asteazkenetan murgilduko da egitasmoan (urriak 1, 8, 15 eta 22). Saioak frontoian izango dira, 17:30ean, baina euriarekin Proisako aterpera mugituko dituzte jarduerak. Azkenik, Trintxerpeko jolasak ostegunetan izango dira (urriak 2, 9, 16 eta 23), Gudari plazako parkean, 17:15ean.
