Duintasunak "jarrera antidemokratikoa" egotzi die EAJ eta PSE-EEri
Bi alderdiek Pentsiodunen Mugimenduak urtebetez landu duen Herri Ekimen Legegilea Legebiltzarrean tramitatzearen kontrako txostena egin dute.
Duintasunaren elkarretaratzea eta manifestazioa gaur. Pentsiodunek aurreratu egin dute itzulera. Urrira arte merezitako deskantsua hartzekoak ziren, baina egoerak derrigortuta, gaur kalean izan dira Duintasunak deituta. Izan ere, Gizarte Segurantzaren gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldataraino osatzea eskatzen zuen HEL Herri Ekimen Legegilea Legebiltzarrean aztertzearen aurkako txostena egin dute EAJ eta PSE-EE alderdiek.
Haserrea piztu du erabaki horrek pentsiodunengan, “engainatuta” sentitzen baitira. Batetik, txosten juridikoa agindu omen zion mugimenduari Jaurlaritzak, eta horren ordez “datu eta argudio sendorik gabeko” prentsa komunikatua egin omen du; bestetik, herritarren parte hartze politikorako bidea den HELaren tramitazioa eta eztabaida eragozteko erabakia hartu duelako: “: “Urtebeteko lana egin dugu, sindikatu guztien, ehunka erakunde sozial eta feministaren, eta 145.000 sinadura baino gehiagoren babesa lortuta, orain, bertan behera utzi nahi du”.
Tramitazioa eta eztabaida eragozteko erabakiak, emakumeekiko bidegabekeria historiko bat areagotzen du Duintasunaren esanetan, “eta adinekook independentzia eta nahikotasun ekonomikoa izatea eragozten du”. Kontraesankor aritzea egotzi diote gainera Eusko Jaurlaritzari, “herritarrek dinamika politiko eta instituzionalean parte hartzeari buruz egindako adierazpenekin”.
Gizarte eskaerei eta herritarren parte hartzeari, “iseka onartezina”; hala definitu du Dintasunak HELa eztabaidatzeko EAJk eta PSE-EEk jarritako trabak, “harekin ados edota haren aurka egon daiteke, haren xedapenak osorik edo zati batean onar daitezke, baina demokratikoki pentsaezina da Legebiltzarrean eztabaidatzea eta bozkatzea galaraztea, legezko baldintza guztiak betez gero”.
Eskatutako osagarriak ezarri ez ahal izateko elementurik ez dagoela defendatu dute Duintasunako kide diren Joxe Iriarte Bikilak eta Javier Sanzek, “100.000 herritar osagarri horietatik kanpo utziko dituzte. Erabaki politiko bat da. Horren kontra egiteko herri guztietan aterako gara kalera gaur eta gutuna helarazi diegu EAJ eta PSE-EEko udal taldeei. Hausnarketa egin eta gutxienez, tramitera onar dezaten HELa eskatu diegu”.
Ostegunean, hilak 25, Gasteizera joateko autobusa antolatu dute; manifestazioa egingo dute, egun horretan plenoa egingo duelako Legebiltzarrak. 12 euro balio du autobusak eta oraindik ere izena emateko aukera dagoela azaldu dute. Duintasuna elkarteko kideengana jo behar da horretarako. Manifestazioa 10:30ean hasiko da Andre Maria Zuriaren plazatik.
Halako iniziatiben aurrean EAJk eta PSE-EEk “jarrera antidemokratikoa” dutela salatu dute Duintasuna elkarteko kideek. Egoera zaila dela esan dute. Bi alderdiek gutxieneko pentsioak gutxieneko soldataraino berdintzeko Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta dagoela erantzun dute. Horren aurrean “ez dela hori egia” salatu du Duintasunak, eta datuak eman, “DSBE adin aktiboan dauden pertsonentzat diseinatuta dago. DBSa jasotzen duten 15.000 pertsonatik 160.000 pentsiodunen %9,3ri baino ez die erantzuten, Lanbidearteko Diru Sarrera baino baxuagoak diren sarrerak dituzten emakumeak gehienak. 100.000 pertsona eta horietatik 60.000 emakumeak, halako osagarririk gabe geldituko dira”.
EAJ eta PSE-EEren jarrera publikoki salatzera deitu du Duintasunak, eta “borrokan” eta “lanean” jarraitzera deitu du, “ikasturtea hasi dugu, uste genuena baino lehenago, eta egurrean jarraitzea dagokigu”.
Elkarretaratzea bukatuta, manifestazioa egin du Duintasunak herriko Erdialdeko kaleetatik barrena.
