KAE 1 Ligan da Hibaika
KAE1 Ligan ariko da datorren denboraldian Hibaikaren ontzia. TKE eta KAE1 ligen arteko play offa bukatuta, Santurtziren garaipenak txartela eman dio igoerarako Madalen ontziari.
Hibaikako arraunlariak, Laredon (Kantabrian) irabazitako banderarekin Helburua bete dute. Nahi zutena baino gehiago itxaron behar izan dute berri ona jaso eta ospatzeko, baina iritsi da. KAE1 Liga zuen begiz jota Hibaikaren ontziak, play offera heldu nahi zuten eta urrats bat gehiago eginda, mailaz igo. Iritsi da, zilarrezkoa da Madalen ontzia eta datorren denboraldian KAE1 Ligan lehiatuko dira Errenteria-Oreretakoak.
Abuztuaren 17an bukatu zuten liga KAE2ko ontziek Colindresen (Kantabria, Espainia). Bikain jokatu zuen Hibaikako gizonen traineruak lehiaketa eta bigarren sailkatuta bukatu. Play offerako txartela eman zion horrek. Daniel Cobjucek entrenatu duen taldeak denboraldi ikusgarria egin du. Hiru bandera ere ekarri ditu aurten etxera eskifaiak eta besteren bat ere gertu-gertuan izan dute, zortzi urteko banderarik gabeko aroari bukaera jarriz.
Lehenengo helburua beteta, bigarrena lortzeko lanean jarraitu zuten. Abuztuaren azken asteburuan jokatu zituzten play offak Madalen ontzikoek Portugaleten eta Castron (Kantabria, Espainia). “Borroka estua” aurreikusi zuen bi egunetarako Ander Rekondo Herrero eskifaiaren patroiak hitzordu erabakigarriaren bezperetan HITZAk egin zion elkarrizketan. Ilusioa eta gogoa gainezka zituztela ordea, aitortu zuen larrauldarrak, irabaztera joango zirela lehiara. Lehen jardunaldian, asmoa bete zuten, irabazle izan ziren, estropada bikaina osatuta. Bigarren saioan, ordea, gehiago izan zen Hondarribia B ontzia, baita Camargo ere, eta hirugarren postuan sailkatu ziren Errenteria-Oreretakoak. Bi egunetakoa aintzat hartuta bigarren postuan sailkatu ziren Hibaikakoak. Ez ziren orduan igoerarako ateak erabat itxi, baina besteek egingo zutenaren, goiko ligetako play offetan gertatuko zenaren zain egotea tokatu zitzaien.
Zuriñe Alberdi Hibaikako delegatuak balorazio positiboa egin zuen play offaren gainean, eta taldeak egindako lanarekin “harro” azaldu: “Egia da TKE Ligako play offean gertatzen denaren zain egon behar dugula, baina oso pozik gaude, saria izan da hemen izatea. Borrokatu dugu, oso harro gaude. Hondarribia zoriondu nahi dugu KAE1 Ligan jarraituko duelako, eta guri, itxoitea dagokigu”.
Hiru asteko itxaronaldia, atzo bukatu zen. Urduri jarraituko zituzten TKE eta KAE 1Ligako asteburuko bi arraun jardunaldiak arraunlariek, entrenatzaileak, eta zuzendaritzak ere, ez baita pausu makala klubarentzat igoera erdiestea. Galiziako talde bakarra igotzen bazen TKE Ligara postua ziurtatua zuten Cobjucenak KAE1 Ligan; Galiziako bi ontzi igota, berriz, kanpoan geldituko ziren. Santurtzi izan da onena asteburuan jokatutako play offean, eta haren ondotik Chapela galiziarra sailkatu da bigarren. Larunbateko saioan Tiran—lehian ari zen bigarren ontzi galiziarra— azkena sailkatuta, oin bat gutxienez barruan ikusiko zuten Madalen ontzikoek; beste estropada bat falta zen, baina, eta atzora arte kirioak dantzan izango ziren. Santurtzi gehiago izan zen atzokoan ere, eta Soteraren garaipenak eman dio txartela Hibaikari mailaz igotzeko.
Hori horrela, zilarrezko ligan izango dira Madalen ontzikoak datorren denboraldian. Ligaz igotzeko jokatu zuten play offaren aurretik, igoera horrek suposatuko lukeena azaldu zuen Rekondok, eskifaiaren patroiak: “Aurrera pausu handia litzateke. Bi urte daramat Hibaikan, eta bi urtean igoera lortzea garrantzitsua litzateke. Arraunlarientzat pizgarria litzateke zalantzarik gabe; bloke bat mantentzeko ezinbestekoak dira pizgarriak eta motibazioa, ezin duzu bloke bat mantendu helbururik gabe, eta helburua lortuz gero errazagoa izango da blokea mantentzea”.
Aurrerapausua eman dute.
