Festarako laugarren asteburua segidan Lezon: hemen da 11. Garagardo Festa
Tiñeluren Garagardo Festa ostegunean hasi eta larunbatean (hilak 27) bukatuko da. Hamalau garagardo izango dira aukeran Karlos Saldiseko estalpean.
Lezoko Gargardo Festaren artxiboko irudia.Tiñelu elkartea Irailaren lehen asteburuan Altamirako festak eta Piztu Lezoren Gazte Eguna eta haren ondokoak; hurrengo bietan, santakrutzak; eta datorrenean, Tiñelu elkartearen 11. Garagardo Festa ostegunetik (hilaren 25etik) larunbatera, eta hori gutxi balitz, igandean atzeratua izan den inude eta artzainen desfilea. Egutegiaren kapritxoak batzuentzat gozagarri, baina besteentzat, agian, gogaigarri. Edonola ere, festak herritarrak batzen omen dituelako, hemen da hamaikagarrenez Tiñeluren Garagardo Festa.
Ostegunean hasi eta larunbatean bukatuko da apar zuriaren zaleen topagunea. Karlos Saldise plazako aterpeak jasoko ditu hamalau garagardo postu, gisa honetako jaialdietan izaten diren jakien sukaldea, jantokia eta oholtza. Tiñeluk jakinarazi du dena egoki joan dadin 130 lezoar boluntarioren ekarpena izango dela bisitariak etxean bezala senti daitezen. Ostegunean (hilaren 25ean) 18:30-00:30 tartean izango da zabalik festa; ostiralean 18:00-01:00 tartean, eta larunbatean 18:00etatik 02:00etara.
Hamalau garagardo horien artean alkoholik eta glutenik gabekoak ere izango dira zehaztu du elkarteak, “denak kalitate handikoak, jatorri ezberdinekoak”. Garagardoa edateko menu zabal eta egokia ere erosi ahal izango dela adierazi du Tiñeluk: “Lezoarrak eta eskualdeko biztanleak bertara daitezela lasai asko Lezora, gozatzera. Aurreko urteetan jende asko izan da festan, ea aurten ere hala den, eta datozen urteetan jarduera antolatzeko indarra ematen diguzuen”.
Garagardo eta jaki artean, giroa pizteko hainbat musika ekitaldi jasoko ditu Karlos Saldisek. Ostiralean, adibidez, Traband taldeak eta Jaixkipe txarangak eramango dute erritmoa oholtzatik mahaietara; larunbatean Lau Katu txarangarena izango da ardura hori.
