Musika hauspotzera datorren hitzarmena
Agustinak Zentroak eta Musika Bulegoak lankidetza hitzarmena sinatu dute, "musikaren aldeko apustua sendotzeko"
Agustinak Zentroa eta Musika Bulegoak hitzarmena egin dute. Musikaren aldeko apustua sendotzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Agustinak Zentroak eta Musika Bulegoak. Agustinak Zentroak kultura eta sormen industrietako eragile estrategikoekin lankidetza harremanak sendotzen jarraitzen du. Azken hitzarmena, Musika Bulegoarekin sinatu du, eta horren bidez, euskal musikaren sektoreari lotutako profesionalizazioa, berrikuntza eta garapen sozioekonomikoa bultzatu nahi dute.
Aizpea Otaegi Oarsoaldea Garapen Agentziaren presidenteak eta Maddi Arana Musika Bulegoaren presidenteak sinatu zuten hitzarmena.
Hitzarmena, urrats garrantzitsua izan da kultura eta sormen “ekosistema sendo eta konektatua” eraikitzeko. Bi erakundeek elkarrekin lan egingo dute ekintzailetza, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzeko, eskualdearen eta lurraldearen garapen soziekonomikoari laguntzeko. Bi erakundeen arteko lankidetzak esparru berriak zabalduko dituela azaldu dute, “musika proiektuei aholkularitza eta tutoretza eskainiz, eta Agustinak Zentroan ekintzailetzako inkubazio eta azelerazio programa berezi bat martxan jartzea bultzatuz”.
Halaber, Musika Bulegoaren hainbat jarduera, Agustinak Zentroan egingo dituzte hitzarmenari esker: tailerrak, ekitaldiak, topaketak eta formakuntza programak. Azaldu dutenez, jarduera horiek “komunitate zabalago bati irekitzeko” aukera eskainiko du, baita sektorearen profesionalizazioari laguntzeko, trebetasun teknikoak eta enpresarialak garatzeko, eta sare profesionalen sorrera errazteko.
Mugaz gaindiko programetan elkarlana ere aurreikusi dute, “interes komuneko arloetan lankidetza aukerak identifikatu eta proiektu berriak definitzeko lan egingo da”.
