Nafarrek gaztelarrak kanporatu dituzte
Larunbatean izan zen Erdi Aroko Jardunaldien egun nagusia. Ezkontza ere izan zen, baina ez zen gauzatu gaztelarren jukutriengatik.
Dena prest zen Nafarroako Blanka printzesaren eta Gaztelako Alfonsoren arteko ezkontzarako. Komenentziazko ezkontza izaki, helburu zehatza zegoen batura horren atzean: Gaztelak Gipuzkoa Nafarroari ematea. Denen sorpresarako, ordea, ezkontza ez zen gauzatu. Izan ere, Nafarroako Tibalt I. erregea ez zen ados izan Gaztelak eskainitako hitzarmenarekin; akordioa hautsi, eta Nafarroaren subiranotasuna koroa arrotz baten menpe geratzea saihestu zuen. Liskarrak izan ziren erabaki horren harira, baina azkenean, nafarrak garaile: gaztelarrak kanporatu zituzten Oiartzundik. 1234ko kontuak izan ziren horiek.
Aurrekoa, Oiartzungo Erdi Aroko Jardunaldien larunbateko ekitaldi nagusiaren laburpena da, antolatzaileek bidalitakoa. Izan ere, joan den ostegunetik larunbatera izan dira herrian, hirugarrenez, aro horretara jauzia egiteko jardunaldiak. Larunbata izan zen egun mamitsuena, ezkontza horrez gain, azoka, herri bazkaria, ezpata borroka erakustaldiak, Amaia Puinen ipuin kontaketa ibiltaria, musika emanaldiak, muxikoak eta bestelako asko izan zirelako; larunbat arratsaldean eguraldiak okerrera egin, eta azkenean, ezkontza hori San Joan kaperan beharrean Kontzejupean egin zuten. Aragoiren soldatapean zebilen traidore bati lepoa moztu zioten plazan.
Balorazio ona egin dute antolatzaileek, garai hartako giroa islatzeaz gainera, Euskal Herriko historian esanguratsu izan diren hainbat pasarte jendartera modu ludiko eta ulergarrian zabaldu dituztelako, festa eta umore giroan.
Aurtengoa Erdi Aroko Jardunaldien hirugarren ekitaldia izan da. 2026an, historia gehiago herrian. Jarraian, larunbatean Elizalde aldean izan zen giroaren hainbat irudik antolatzaileek HITZAra bidalitakoak.
