Ostegunean aurkeztuko du ikasturtea Killirikupek
Arizmendienean izango da aurkezpen ekitaldia, 18:00etan. Ikasturteko edukiak emakumeen esperientzietan oinarrituko dira.
Killirikupe Emakumeak Ahalduntzeko Oiartzungo Eskolak jada prest ditu ikasturte berrirako edukiak. Horiek jendaurrean aurkeztu nahi ditu. Beraz, ostegunerako egin dute deia: hilaren 25ean (osteguna) emango dute herriko eragileko ordezkariek sasoian egingo dituztenen traza nagusiak. Arizmendieneak jasoko du aurkezpen ekitaldia, 18:00etan.
Killirikupek jakinarazi du ikasturteko edukien oinarriak emakumeen esperientzietan ezarriko direla. Emakumeen ahotsak ekarriko dituzte herrira, emakumeak ahalduntzen jarraitzeko. Hala, besteak beste, Germain Greer-en Sosegu eta boterea liburua aztertuko dute ikasturtean zehar, emakume idazleen bizitzara hurbiltzeko. Gainera, emakume helduen sexualitateaz hitz egiteko tartea ere hartuko dute Anna Freixasen Sekretuak eta isiluneak, emakume helduen sexualitateaz obrarekin.
Dolu prozesuak ere landuko dituzte, Josu Cabodevilla adituak horren gaineko azalpenak emango dituelako, Galera eta doluak haren lana oinarri. Virginia Imazekin emakumeen umoreaz ariko dira, eta emakumeen autoestimuaren gaiari Emma Vallespinos egilearen Ez dut ondo egingo liburuarekin. Emakumeek literaturaren duten tokiaren gainean ere ariko dira, Irene Vallejoren Infinitua ihi batean saiakerari esker.
