Ametsa festa arrosa bihurtu dute
Harrera gogoangarria egin zieten herritarrek atzo Batelerak traineruko kirolariei. Poza nagusi kirolarien eta sanjuandarren artean.
Asteburu luzea izan da sanjuandarrentzat, eta bereziki emakume arraunlarientzat. Play-offean arrakasta osoa lortu dute Batelerek, bikain lehiatuta lortu dute 2026an handienekin Euskotren Ligan aritzeko eskubidea. Kontuan izan behar da asteburukoa ez dela kasualitatea; sasoi osoan bikain ibili dira Batelerak trainerukoak, tartean ETE Ligan zazpi bandera irabazi eta sailkapen nagusian bigarren izanda Zarautz irabazletik puntu bakarrera. Atzo, beraz, behin igoera lortuta, ospakizunerako tartea hartu zuten arraunlariek, klubak eta sanjuandarrek. Ekainean ametsa zena, festa arrosa bihurtu dute.
Lehen ospakizunak beroan egin zituzten Portugaleten. Hara joandako zaleekin pozarren konpartitu zituzten sentimenduak emakume arraunlariek. Bazkaldu eta gero, herrian harrera. Nahiz eta euripean izan, herri oso bat kalera atera zen San Juango emakumeen trainerukoei oles egitera, aitortzera egin duten ahalegina, zoriontzera egin duten lanagatik eta horren ondorioz lortu dituzten emaitzengatik. Klubeko arraunlari eta arduradun guztiak ere izan ziren harrera ekitaldian.
Klubetik hasita kalejira egin zuten Donibane kale osoan zehar. Jauziak, besarkadak, oihuak eta abesti sorta bidean. Behin plazan, marea arrosa zuten zain. Udaletxe zaharreko balkoi nagusira igo, eta gogo betez eskaini zieten garaipena herrikideei. Behean, zabalgunean, txalo eta babes garrasi zaparrada. Gizonen traineruko kideekin ere talde argazkia egin zuten, Erreka-k ere sasoi bikaina egi baitu.
2018an izan zuen azken sasoia Euskotren Ligan Batelerak traineruak. Dena irabazi zuen Bateleren belaunaldi haren azken hatsa izan zen hura. Ordutik hainbat ahalegin egin ditu klubak emakumeen trainerua osatu, landu, eta itsasoratzeko. Herriko emakumeen arrauna berpizteko. Bateleren generazio berri honek jada herritarren atxikimendu osoa lortu du. Esan daiteke zauri bat itxi dutela arraunlari oso gazte eta beteranoen arteko orekan den trainerukoek, Anartz Gereño entrenatzaile dutela eta Laida Valderrama patroi. 2026koak, 2026rako.
Jarraian, Bermeoko larunbateko estropadako, atzokoarenak (Jose A. Rodriguezenak) eta atzoko harrerako irudiak eta bideoa, San Juan-Koxtape Arraun Elkarteak eta Eduardo Laboa sanjuandarrak HITZAra bidalitakoak.
