Pasaiako LGTBIQ+ komunitatea, lehen lerrora
Pasaiako Udalak eta Eihera kooperatibak LGTBIQ+ pertsonak ardatz dituen diagnostiko bat osatu dute, eta ostiralean aurkeztu zuten jendaurrean.
Pasaiako Udalak LGTBIQ+ Bizitzak izeneko diagnostikoa aurkeztu zuen ostiralean Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Ikerketa Eihera kooperatibak gauzatu du, eta Pasaiako LGTBIQ+ komunitatearen errealitateak eta beharrak islatu ditu, herriko norbanako, elkarte, eragile eta udal langileen testigantzetatik abiatuta.
Aurkezpen ekitaldian Teo Alberro alkatea eta Laura Ré Berdintasun zinegotzia izan ziren. Honakoa esan zuten udal ordezkariek: Alberro: “Aurkeztera gatozena ez da dokumentu soil bat. Ez da datu multzo bat. Bizitzak dira. Bizipenak, emozioak, askotan bakardadean bizi izan diren istorioak. Eta gaur, istorio horiek gure herriaren parte direla aitortzen dugu, harrotasunez eta ozen. Pasaiak badaki nondik datorren. Badakigu askotan gure kaleak isilpeko borroka txikiz bete izan direla. Eta gaur hemen gaudenok, irudi kolektibo hau aurkeztuta, mezu garbi bat bidali nahi dugu: gure herriak ez du onartuko diskriminazio gehiago, ez du onartuko inor bigarren mailan bizitzera kondenatzea”.
Ré: “Pasaiak lehen aldiz ispilura begiratu dio modu ausart eta garden batean. Diagnostiko hau ez da soilik azterketa teknikoa. Pasaiako aniztasunaren mapa emozionala da. Ahotsak eta kontaketak jasotzen ditu, gure kaleetan isilarazita edo ikusezin geratu diren bizipenak erdigunean jarriz. Eskubideak paperean idatzita egotea ez da nahikoa: diagnostikoak erakusten digu non dauden oraindik arrakalak, non dagoen beldurra eta non behar dugun erantzun politiko sendoa”.
Alberrok nabarmendu zuen osatu duten diagnostikoa “ezinbesteko urratsa” dela politika publiko eta justuak modu eraginkorrean diseinatzeko: “Herri batek ezin ditu benetako berdintasunerako politikak martxarazi bere herritarren errealitatea ezagutzen ez badu. Diagnostiko hau da gure iparrorratza, gure ekintzak benetako beharretan oinarritzeko bide emango digun tresna”.
Diagnostikoa, lehen urratsa
Ia urtebeteko lanketaren ondoren, diagnostiko bat osatu dute Eihera kooperatibako kideek, eta lehentasunezko neurri batzuk identifikatu dituzte. Udal gobernuak, gainera, neurri horien baitako ekintza plan bat osatzeko konpromisoa hartu du, horien inplementazioa bermatzeko.
Azterlanak herri osoko zein barrutikako eginbehar espezifikoak jaso ditu. Horien artean, honakoak daude, besteak beste: trans errealitateen ikusgarritasunerako bitartekoak sortzea; herriko instalazioen berrikusketa (komun publikoak, aldagelak…); kultur programazio eta aisialdi gune inklusibo, anitz eta parekideak bermatzea, LGTBIQ+ artistei eta erreferenteei lekua emanez; LGTBIQ+ komunitateko kideen saretzerako espazio eta egitasmoak ahalbidetzea; edota hezkuntza eremuan indarkeria LGTBIQfobikoaren prebentzio eta sentsibilizazio neurriak sortzea.
Horrez gain, barruti bakoitzerako proposamen espezifikoak ere txertatu dituzte diagnostikoan; honakoak: San Pedron LGTBIQ+ memoria jasotzeko plana; Donibanen kultur programazioan eskaintza handiagoa bermatzea; Trintxerpen norbanakoen saretzea ahalbidetzeko bitartekoak eskaintzea; edota Antxon espazio publikoan ikusgarritasunerako elementu estetikoak txertatzea.
Bukatzeko, honakoa adierazi zuen Laura Rék: “Diagnostiko hau ez da helmuga, abiapuntua baizik. Ispiluan ikusi dugun irudi horri erantzun behar diogu neurri zehatzekin: indarkeria mota oro prebenitzeko, aniztasuna ikusarazteko, ahalduntzerako espazioak sortzeko eta errespetuan eta askatasunean sakontzeko. Ez dugu ahaztu behar: gaur ditugun eskubideak ez dira betiko ziurtzat hartu behar. Olatu erreakzionarioak gogor jotzen ari dira gure inguruan. Horregatik, gaurko hitz hauek ez dira soilik aurkezpen bat; konpromiso bat dira: gure herria ez dadila izan inorentzat lekurik ez duen portua, baizik eta amarraleku sendo eta seguru bat”.
Ekitaldiaren ondoren, parte hartzaile eta gonbidatuek bertso poteoa egin zuen Maialen Lujanbio eta Eli Pagola bertsolariekin.
