Eskola Feministaren hamabigarrena, martxan
Eskaintza guztia xehe aurkezteko jardunaldia antolatu dute gaur, 18:30ean hasita.
Cruz eta Cuesta Eskola Feministaren programazioa aurkezten. Eskola Feministaren udazkeneko programazioa aurkeztu dute gaur Itsaso Cruz Berdintasun zinegotziak eta Amaia Cuesta Berdintasun teknikariak. Iazkoaren balantzea eginez hasi dute agerraldia, eta pozik azaldu dira, aurreko ikasturtean programazioak izan zuen harrerarekin, “Eragina izan zuen Emakumeen Etxeko obrak eta Eskola Feminista urtarriletik ekainera arte baino ez bazen egin ere 170 izen emate jaso zituen eskolak eta 191 plaza bete antolatu ziren 12 jardueretan”.
Hiru espazio bereizietan antolatu du Eskola Feministak bere jarduna ikasturte berrian: Laborategiak, Elkarguneak, eta Sareguneak. Laborategien bidez ahalduntze indibidual, kolektibo, sozial eta politikorako beharrezkoak diren testuinguruak aktibatuko ditu eskolak. Elkarguneak, berriz, emakume kolektibo jakinentzat pentsatu dituzte, “haien ahalduntzea bultzatzeko”.
Azkenik, Saregunea, feminismotik emakumeen ahalduntzea eta parte hartzea bultzatu nahi duten elkarteentzako gunea izango da.
Gune ezberdinak eta bakoitzaren izen emate prozesuari buruzkoi informazio guztia aurkezteko jardunaldia antolatu dute gaur arratsaldean Emakumeen Etxean; 18:30ean izango da.
Jarduera guztiak doakoak dira, eta Emakumeen Etxean eskainiko dira. Gune bakoitzeko jardueren programazioari eta izen emateari buruzko xehetasunak Emakumeen Etxean eta udalaren webgunean egongo dira eskuragarri (klik hemen).
Laborategien kasuan, izena emateko epea bihartik urriaren 1era irekiko da, eta izena emateko galdetegi bat bete beharko da. Elkarguneen kasuan, izen ematea urte osoan dago zabalik, izena emateko Emakumeen Etxearekin harremanetan jartzea besterik ez dago.Eta sareguneen kasuan, elkarte bakoitzak bere izen emate prozesua kudeatzen du, liburuxkan xehetasunez azaltzen dena.
Informazio gehiago nahi izanez gero Emakumeen Etxean bertan (Txirrita Parkea, z.g), emailez (klik hemen) idatziz edo telefonoz (943 449 630) jasotzeko aukera egongo da, astelehen eta ostiraletan 9:00etatik 13:00etara eta astearte, asteazken eta ostegunetan 16:00etatik 20:00etara.
Ondoren antolatutako jardueren zerrenda.
Eskola Feministaren eskaintza
Urriaren 4tik aurrera 5 laborategi, 3 elkargune eta 4 saregune jarriko dira martxan:
5 laborategi:
– Antzerki feminista laborategia
– Gorputz sexuatua: eskubideen, zaintzen eta plazeren lurraldea
– Sormenezko idazketa lantzeko laborategia
– Elkartegintza feministarako bidelaguntza
– Orratz-elkarrizketak
3 elkargune:
– Indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko emakumeen elkargunea
– Zaintzaileentzako elkargunea
– Taldeko ahalduntzerako elkargunea
4 saregune, elkarteek antolatutako proposamenak:
– Tautandra batukada feminista elkartea: Batukada feminista ikastaroa
– Mara Mara elkartea: Tratu oneko harremanak. Norbera maitatzea eta zaintzea, bizi-proiektu gisa.
– Zauriak miazkatu elkartea: Azalak dio: gorputza, generoa eta sorkuntza komunitarioa
- Emanbira kultur elkartea: Emagune. Jatorri anitzetako emakumeen topaketa
