"Euskotrenera igotzea zoragarria izan da"
Denboraldi bikaina osatu ondoren, Euskotren Ligara igo da San Juan-Koxtape Arraun Elkarteko 'Batelerak' ontzia. Igoera lortuta, pozarren da Anartz Gereño prestatzailea.
Denboraldi aparta osatu du San Juan-Koxtape Arraun Elkarteko Batelerak ontziak. ETE Liga bigarren postuan bukatu zuten, zazpi bandera irabazita, eta play-offak irabazi ondoren, Euskotren Ligan arituko dira datorren denboraldian. Igoera lortuta, pozarren da Anartz Gereño prestatzailea.
Igoera lortuta, pozik eta asebeteta, ezta?
Oso pozik gaude, bai. Oso azkar egin dugu dena, azkarregi nire gusturako, baina oso pozik.
Nolakoa izan da play-offeko asteburua?
Kontxako sailkapen estropadaren ondoren, luzea izan zen itxaronaldia, bi astez itxoin behar izan baikenuen. Asteburura nahiko urduri iritsi ginen, baina larunbatean itsasoan egindako estropada ikusita, uste dut arraunlariak lasaitu zirela. Ez genuen erreferentzia handirik, ez genekien Donostiarra zenbat zebilen eta ikusi genuenean hortxe geundela, igandean lasaiago atera ginen.
Larunbatean aurrerapauso handia eman zenuten igoera lortzeko, eta igandean asteburua biribildu zenuten garaipenarekin eta igoerarekin.
Larunbatean beldurra geneukan, baina igandeko estropada urte guztian egin dugun biribilena izan da. Aurten espero nuen ondo ibiltzea, baina denboraldiaren bigarren zatia oso-oso ona izan da, eta horrek esan nahi du fisikoki marjinarekin genbiltzala oraindik. Azken momentura oso ondo iritsi gara.
Igoera zen denboraldiko helburua? Espero zenuten lortzea?
Ez genuen espero. Aurtengo helburua zen ETE Ligan estropadaren bat irabaztea, eta azkenean zazpi izan dira. Zarautzetik, gainera, puntu bakarrera geratu gara ligan. Nire eskemetan ez zegoen play-offak jokatzea, azken estropada Kontxakoa izatea nahi nuen, estropada ona egin eta jai hartzeko. Baina horrela suertatu da dena.
Osatu duzuen denboraldia ikaragarria izan da, zazpi bandera tarteko, eta igoerarekin biribildu duzue sasoia.
Urtea oso polita izan da. Urte osoan aulki mugikorreko jaitsieretan, bateletan, trainerilletan eta traineruetan aritu gara estropadak jokatzen neskak prestatu eta ohitzeko, eta ondo atera da.
Denboraldiaren zein balantze egiten duzu?
Hamarretik hogei emango nioke denboraldiari. ETE Ligako lehen estropadatik aurrera dena hobetzea zen asmoa, eta oso ondo atera da dena.
Talde oso gaztea duzue eta soilik bi urte daramazue uretan itzuli zinetenetik. Meritu handia du lortu duzuenak.
Trainerua ez zegoenez, klubean zeuden neskak beste elkarte batzuetara joan behar ziren, eta haria puskatzen da hor. Iaz, baina, lehen urteko gazteekin lortu genuen trainerua osatzea. Lehengo urtean trainerua uretaratzea sekulakoa izan zen, eta aurten Euskotrenera igotzea zoragarria izan da.
Igoerarekin Euskotrenera egingo duzue jauzi. Hori beste erronka bat izango da, ezta?
Beste erronka eta beste arazo bat izango da. Jende gaztea dugu eta zaila izango da, bi estropada jokatuko baititugu astebururo. Aurten nahiko zaila izan da, presioa izan baitugu banderak irabazita. Banderek poztasuna ematen dizute, baina horrek presioa dakar. Talde hau urtebete helduagoa izango da hurrengo urtean, baina, hala ere, oso gaztea izango da.
Mezuren bat bidaliko zenuke?
Taldeari, Donibaneko herriari eta klubari egindako lana eskertu nahi diet.
