Konpost onena, Agustinak auzokoa
Konpostatzeko programetan parte hartzen duten familiei esker 38 tona bio hondakin kudeatu dira konpostaje bidez, eta 7,6 tona konpost sortu da Errenteria-Oreretan, iaz.
Errenteriako Udalak 2014an abiatu zuen konpostajearen programa. Helburua jatorrizko bereizketa handitzea eta biohondakinen sorreraren prebentzioa hobetzea da konpostajearen bidez. Programa horrekin, auzo eta etxe konpostajearen bidez, hondakin organikoen autokudeaketa sustatu eta erraztu nahi da. Horrez gain, konpostajea egiten duten bizilagunek hartutako lana konpentsatzeko % 40ko hobaria dute euren hondakinak bildu eta ezabatzeko tasan.
Aurten 168 familiek eta etxebizitzek izango dute hobari hori.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hondakin poltsaren arabera, etxeko hondakinen %40 inguru materia organiko konpostagarria da udalak nabarmendu duenez, “prebentzio bide hau hautatzen duten bizilagunek heren bat hondakin gutxiago sortzen dute”. Konpostatu daitezkeenak, ondokoak: fruta eta barazkiak, elikagai gordin eta kozinatuen hondakinak (haragia eta arraina barne), pasta, fruitu lehorren azalak, loreak eta landareak, kafe hondarrak eta infusioak, materia organikoz zikindutako paperezko ezpain zapiak, arrautza oskolak eta krustazeo maskorrak, besteak beste.
Familia horiei esker, iaz 38 tona bio hondakin kudeatu ziren konpostaje bidez, eta 7,6 tona konpost sortu da Errenteria-Oreretan.
Auzo konpostarako bost gune
Konposta egiteko bost gune ditu udalak eremu publikoan: Agustinak, Alaberga eta Fanderia auzoetan, eta bi gune Gaztaño auzoan. Gaur gaurkoz 58 familiek parte hartzen dute Errenteria-Oreretako bost auzo konposta guneetan eta horren bidez urtean 13,2 tona bio hondakin baino gehiago kudeatzen dira. Analisi kimikoak egin ondoren, eremu guztietan sortutako konposta kalitatezkoa dela ondoriozta daiteke, nahiz eta guztien artean Agustinetakoa nabarmendu den.
Etxe konpostan, berriz, udalerriko 110 familia ari dira parte hartzen, eta kalitatezko etxeko konpostajearen bidez 25 tona bio hondakin baino gehiago kudeatzen dira urtean.
Konpostatzeak, zabortegietara irits daitekeen hondakin kopurua txikitzeaz gain, konposta ere sortzen du, kalitate handiko ongarri naturala, udalerriko lurzoruak materia organikoaz hornitzeko, haren emankortasuna hobetuz.
Konpostatzen hasi nahi duten herritarrek udalean izena eman baino ez dute programarekin bat egiteko.
