Bazterrak erdiratu nahian
Bazterkeria ezabatu eta halako egoerak bizi dituzten pertsonei erantzun egokiena eman nahian lanean ari da Errenteriako Udala. Arlo horretan lanean diharduten eragile anitzekin lan mahaia osatu zuen duela urtebete; gaur aurkeztu dute.
Bazterkeriaren aurkako Mahaia aurkeztu dute. Gizarte bazterketaren errealitateari aurre egiteko Errenteria-Oreretan egiten ari direna azaldu du gaur udalak, eta Bazterkeriaren aurkako Mahaiaren aurkezpenaren bidez egin du. Hamaika eragile ari dira parte hartzen mahai horretan duela urtebetetik.
Aizpea Otaegi alkateak hartu du hitza lehenik. Hark azaldu du urtebeteko bidea duela soinean mahaiak eta nabarmen jarri du ikuspegi integral batetik eta lankidetzan egiten ari direla lana bertatik Errenteriako Udalak koordinatuta, “sinistuta gaudelako horrek emaitza hobeak eman ditzakeela”. Arloan lan egiten duten udal zerbitzu guztiez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundutako zenbait programa eta zerbitzuk ere hartzen dutela parte mahaian azaldu du, “ahalik eta erpin gehienetatik errealitate horri erantzuteko”.
Gizarte bazterkerian bizi diren pertsonen errealitate konplexuak eraman zuela udala mahaia sortzera esan du ondoren udal agintariak, “egoera horretan diren pertsonak errealitate bat dira gure gizartean eta azken urteetan ugaritu egin dira, eta gure kaleetan oso presente daude. Bazterketa egoeraren ondorioz, pertsona horiek sare eta dinamika sozialetatik kanpo daude, are eta zaurgarriago bihurtuz”.
Etxegabetasuna dela haien aurpegi agerikoenetakoa eta gordinetakoa ere esan du Otaegik, “hala ere, etxegabetasuna alderdi gogorrenetako bat bada ere, asistentzia defizit handia izaten duten pertsonak ere izan ohi dira sarri. Mahaiaren egitekoa hortaz, bazterkeriari ikuspegi integral batetik erantzutea da, modu koordinatuan, zerbitzu ezberdinek errealitate konplexu horri erantzun ahal izateko, eta ahal den neurrian ere iraunkorrak izango diren irtenbideak mahai gainean jartzeko”.
Udalerrian martxan jarritakoa iniziatiba “aitzindaria” dela ere esan du Otaegik, “pentsatzen dugu ikasgaiak atera ahala beste eskualdeetara eta lurraldearen luze zabalera eramateko aukera sortuko dela”.
Mahaiaren funtzionamenduaren gaineko beste datu batzuk ere eman ditu gaurko agerraldian, hala nola, hilero bildu dela, “berrikusteko Errenteriako kaleetan zein egoera geneukan. Espazio horrek balio izan du komunean jartzeko kaleetan ikusten ari ginen errealitatea, zein pertsona, zein egoeratan, harremana zuten zerbitzurekin batekin edo ez, eta ikusteko zer egin zitekeen kasu bakoitzarekin. Alderantziz ere balio izan du, kaleratze prozesuak izan badira horiek egiaztatzeko. Kasuz kasu pertsona bakoitzaren errealitatera ongien moldatuko den erantzuna eman ahal izateko”.
Mahai horretan Gizarte Zerbitzuetako saila, Udaltzaingoa, Belabaratz aterpetxeko zuzendariak—Grupo 5—, kaleko bitartekariak —Arrats Elkartea— kaleko hezitzaileak —Emaus Gizarte Fundazioa— aldi baterako bizitokien koordinatzaileak —Emaus Gizarte Fundazioa— eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren SEFAC zerbitzuak zein aldundiaren beraren diru laguntza duten Kaleko laguntza psikologikoa (KAM unitatea) eta Kaleko laguntza sanitarioa (EKUM unitatea) hartzen dute parte. Partaidetza zabala, espezialitate eta prisma anitzak.
Esku hartzea, zenbakitan
Esku hartzea zenbakietara eraman du ondoren Otaegik. Urtero udalak ia 2,8 milioi euro bideratzen ditu gizarte bazterkeriari aurre egiteko estrategia garatzera, “udal aurrekontu osoaren %4 baino gehiago”. Lanketari udalak ematen dion garrantziaren erakusle dira beste ondoko datuok: 2024-2030 Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Maparen arabera, Errenteria-Oreretak 11 plaza izan behar lituzke bazterketa egoeran dauden pertsonei erantzuteko; gaur egun, 39 ditu. Errenteriako Udalak hortaz, hirukoiztu egiten du aldundiaren eskakizuna. Ez hori bakarrik, Oarsoaldea eskualdeak orotara bete beharreko plaza kopurua ere bikoiztu egiten du Errenteria-Oreretako eskaintzak.
Datu gehiago ere eman ditu Otaegik. Pausoz Pauso programaren barruan, —gizarte arrisku edo bazterketa egoeran dauden pertsonentzako gizarte eta hezkuntza arloko eta arlo psikosozialeko esku hartze zerbitzua— iaz 45 esku hartze egin ziren; horietako 33 kalean egindako esku hartzeak izan ziren, eta 14 ekipamendu publikoren batean zeunden pertsonekin.
Belabaratz aterpetxeak berriz, 2024an 309 erabiltzaile izan zituen eta zerbitzuaren okupazio tasa %96koa izan zela zehaztu du alkateak. Gaztelutxoko aterpetxea, berriz, CEAR elkarteari lagata du udalak errefuxiatuei arreta eskaintzeko. Bertan bost bizikidetza unitate bizi dira.
Belen Larrion, Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurren Babeserako, Gizarte Inklusiorako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistaren Arretarako zuzendari nagusiak azpimarratu du beharrezkoa dela erakundeen, babes-sistemen eta hirugarren sektorearen arteko lankidetza, gero eta konplexuagoa den errealitate bati erantzun eraginkorrak emateko. Testuinguru horretan, gogorarazi du Foru Aldundiak konpromiso sendoa duela gizarteratzearen alde, eta hori II. Elkar-EKIN 2022-2026 Planaren bidez gauzatzen dela; plan horrek administrazio publikoen Belen Larrion, Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurren Babeserako, Gizarte Inklusiorako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistaren Arretarako zuzendari nagusiak azpimarratu du beharrezkoa dela erakundeen, babes-sistemen eta hirugarren sektorearen arteko lankidetza, gero eta konplexuagoa den errealitate bati erantzun eraginkorrak emateko. Testuinguru horretan, gogorarazi du Foru Aldundiak konpromiso sendoa duela gizarteratzearen alde, eta hori II. Elkar-EKIN 2022-2026 Planaren bidez gauzatzen dela; plan horrek administrazio publikoen eta gizarte-erakundeen arteko lankidetza bultzatzen du.
Larrionek azaldu du planak 35 ekintza jasotzen dituela, eta helburua dela gizarte bazterketa prebenitzea, oinarrizko eskubideetarako sarbidea bermatzea eta gizarte zerbitzu pertsonalizatuagoak lortzea. Horrez gain, berrikuntza eta esperimentazioa bultzatzen ditu, besteak beste, Elkar-EKIN LANEAN enplegu eta gizarteratze laguntzen bidez edo aurrekontu parte hartzaileen bitartez. Era berean, nabarmendu du Oarsoaldean sortu eta gaur egun lurralde osora hedatu den Foru Aholkularitza Zerbitzu Komarkala (SEFAC) eredugarria dela kalean egiten den esku hartze soziohezitzaileari eta etxerik gabeko pertsonentzako laguntza espezializatuari dagokienez, erakundeen arteko koordinazioa sendotuz eta Gipuzkoa inklusiboago baterantz aurrera eginez.
Mahaiaren parte diren eta egunerokoan bazterkeria ezabatu asmoz kalean edota egoitzetan lanean dihardutenek hartu dute hitza ondotik egiten dutenaren kontaketa laburra egiteko. SEFACeko Oihane Emazabel eta Joseba Irazusta hezitzaileek programaren erronka potoloak Oarsoaldea eskualdera, eta zehazki Errenteria-Oreretara ekartzen saiatzen direla azaldu dute, “mahaian diren gainontzeko eragileek egiten duten lan handiari eskualde begirada txertatzen saiatzen gara. Mugikortasun handia dago, asko mugitzen dira batetik bestera bazterkeria egoeran diren pertsonak eta beste herrietan ikusten duguna, jasotzen duguna mahaira ekartzen saiatzen gara, beste errealitateak eta bertakoaren artean zubi lanak eginda”.
Udalak kalean duen bitartekaria da Omar Xiab. Arrats elkartearentzat egiten du lan berak 2020 urtearen bukaeratik bitartekaritza lanetan ari da Errenteria-Oreretan magrebtar jatorriko herritarrekin. “Astean bitan erronda egiten dugu kalean eta harreman zuzena dut kale hezitzailearekin, berak duelako gero lotura gizarte zerbitzuekin. Kale egoeran dauden pertsonekin aritzen naiz eta nire lana kasu gatazkatsuenetan bitartekaritza egitea da, interbentzio egokia egin dadin”.
Pausoz Pausoko langileak dira Olatz Moriones gizarte hezitzailea eta Maialen Leibar. Moriones eskuz esku ari da Xiabekin. Zaurgarritasun eta bazterkeria egoeran dauden pertsonekin egiten dute lan Morionesek eta Leibarrek, batez ere, kale egoeran dauden pertsonekin. “Printzipioz gure programak gertutasuna eskaintzen du, pertsona asko kale egoeran daudenean gizarte zerbitzuetara iristeko ezintasunak dituztelako. Olatzek —Moriones— kasu horretan zuzenean beraiekin esku hartzen du, eta beste agente batzuekin elkarlanean bazterkeriari aurre egiteko mahaira eramaten du esku hartze integralagoa egiteko”.
Bazterkeriaren errealitatea gizarteratu
Zailena zer den galdetuta erantzuna ez dela erraza esan du Eñaut Gracia Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, “nik uste dut mahai honi dagokion erronketako bat datorren ikasturteari begira dela gizarteratzea errealitate hori. Gure gizarteak periferia bat sortzen du eta bertan direnak aurpegi bat dute gaur, baina bihar izan dezakete beste bat. Askotan uste dugu ezetz, baina errealitate horretatik oso gertu egon gaitezke edozein pertsona, agian ez gordinenean, etxegabe egoeran; baina izan gabe halako bazterkeria, zaurgarritasun horretan jende asko egon daiteke”.
Horren adibide jarri du udalak jakinarazten dituen datuak larrialdi laguntzen jasotzaile direnen argazkia egiterakoan, “arketipoa emakumea da, 60 urtetik gorakoa eta bertakoa. Tokatzen zaigu pedagogia ariketa bat egitea, gure gizarteak sortzen dituen profilak dira, guri dagokigu horri bide bat ematea, eta horretarako ezinbestekoak dira erakunde arteko elkarlana eta ulertzea benetan gero eta gehiagora doan errealitate bat dela”.
Zenbat eta zerbitzu gehiago, zenbat eta apustu handiagoa eta bitarteko gehiago jarri udalerri batek, egoera horretan dauden pertsona gero eta gehiago joko dutela bertara ere esan du Graciak, “Belabaratzen okupazio tasa %95ekoa da une honetan, eta hala ere kalean 21 pertsona ditugu azken taulara bildutako datuen arabera . Covid aurreko garaietan oso zifra baxuak genituen. Gure gizartean dugun errealitate bat da, lehenengo mundu deitzen dugun horretan edozein metropolitan aurkitu dezakegun errealitate bat”.
