Iñigo Iglesiasek nazioarteko IDM txapelketa irabazi du
Sportbike kategorian lehiatu da errenteriarra eta onena izan da, asteburu eta oro har txapelketa biribila osatuta.
Iñigo Iglesias pilotua garaipena ospatzen. Sportbike kategoriako Alemaniako Nazioarteko IDM Txapelketa irabazi du Iñigo Iglesias pilotu errenteriarrak. Txapelketa osoa bezalaxe, asteburua ere biribila izan du Bravok: Hockenheimrig zirkuituan (Alemania) irabazi egin zuen larunbateko lasterketa eta atzo, laugarrena izan zen. Txapelduna izateko beharrezko puntuak eskuratu ditu asteburuan, eta nazioarteko txapelketa horren lehen ekitaldiko irabazlea da errenteriarra.
Berdinduta hasi zuten lasterketa larunbatean Bravok eta Oliver Svendsenek beste bi pilotu gonbidatuekin batera, talde hori izan zen lasterketaren buru eta hiru itzuliren faltan errenteriarrak alde txiki bat jarri zuen bera eta beste hiruren artean. Azken hiru itzulitan baina, egoera aldatu eta Bravo eta Svendson lehen postua txandatzen joan ziren, lehia ederra eskainita, errenteriarra gehiago izan zen eta horrek puntuak eman zizkion.
Ezustekoekin hasi zuen Bravok igandeko lasterketa, beroketak egiten ari zela pistatik atera eta hesiaren kontra jo baitzuen. Ospitalera eraman eta ezker eskuko hatz txikia apurtuta, probak eginda, zirkuitura itzuli zen lehiatzera. Medikuaren baimena zuela lasterketa hasteko gutxi falta zela heldu zen errenteriarra. Hamar puntuko abantaila zuen bigarrenarekiko Bravok eta lasterketa lasaia egin zuen, arriskatu gabe. Laugarrena sartu zen helmugara, baina zuen puntu aldea nahikoa eta sobra izan zuen irabazteko txapelketa.
Denboraldi polita errenteriarrak egin duena kategoria berri batean, zilindrada handiagoarekin eta moto berriarekin. Talde aldaketa zein kategoriakoa ere egin zuen bigarren lasterketan errenteriarrak; hala ere, zailtasunak zailtasun, denak gainditu ditu pilotuak. Errenteriarraren talde teknikoak adierazi duen moduan, “lortu duen garaipena gozatzea dagokio orain eta pixkanaka, denboraldi berria prestatzen hastea. Hainbat eskaintza ditu eta bere ibilbiderako pertsonal zein profesionalarentzat onena aukeratzeko lan egin beharko du”.
