Oiartzungo arkitektura aztergai
Ondare jardunaldiak egingo dituzte zazpigarrenez, eta aurten arkitektura izango dute oinarri.
Nora Velez de Burgo zinegotzia eta Elena Zalakain Ondarearen mahaiko kidea. Herriko ondarea eta historia herritarrei zabaltzea funtsezkoa da Oiartzungo Udalarentzat. Horretarako, urtean zehar hainbat ekitaldi egiten dituzte, eta orain, Ondare Jardunaldien txanda da. Zazpigarren urtez egingo dituzte jardunaldiak. Udalaren eta Ondarearen mahaiaren ekimena da, eta aurten, aurreko urtetan bezala, elementu bat izango du oinarri. Aurtengo oinarria arkitektura izango da.
Lau eguneko jardunaldiak izango dira. Urriaren 4an hasiko dira, arkitektura garaikidearekin. Luis Peña Gantxegi arkitektoak Oiartzunen utzitako ondarea izango dute aztergai, 11:00etan udaletxeko pleno aretoan. Urriaren 25ean artea eta arkitektura uztartuko dituzte. Arkitektura eta eskulturak duten harremanaz arituko dira, Oiartzungo elizako erretaulak lagin moduan hartuz. 10:00etan izango da, elizan.
Urriaren 30ean, artea landuko dute berriro ere. Baserria eta haren arkitektura aztertuko dute, artetik abiatuta. Aurkezpena Onintza Etxebeste Liras artista eta ikertzaile oiartzuarrak egingo du, 18:30ean udaletxeko areto nagusian. Azkenik, azaroaren 8an elizako erretaulen saioa errepikatuko dute, 12:00etan.
