Ordenantza fiskaletan 2,4 puntuko eguneratze orokorra proposatu dute
Etxebizitza, tokiko garapena, trantsizio ekologia eta gizarte kohesioa arloetako hainbat zergetan izoztea proposatu du.
Aizpea Otaegi (erdian) Eneko del Amo eta Yoli Martinekin ordenantza fiskalen proposamena aurkezteko agerraldian. Datorren urteko aurrekontua prestatzeari begira gobernu taldeak ordenantza fiskalen proposamena aurkeztu gaur. Aizpea Otaegi alkateak, Eneko del Amo Ogasun zinegotziak eta Yoli Martin Ingurumen eta Iraunkortasun zinegotziak agerraldia egin dute gaur goizean proposamena aurkezteko. Otaegik azaldu du %2,4ko eguneratze orokorra dela proposatu dutena, “KPIaren batez besteko igoerari dagokiona”.
Aurkeztutako proposamenaren zioak ere izan ditu hizpide Otaegik eta azaldu du kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitzea dela helburua, gizartearen beharren eta aurrekontuen oreka bilatuz, “ahalegin fiskala modu orekatu eta justuan banatuta”. Proposamena gainontzeko alderdi politikoei helarazi dietela ere jakinarazi du , “euren erantzun eta ekarpenen zain gaude aztertu eta aldaketarik egin behar bada egiteko”·.
Urriko osoko bilkuran landuko dute ordenantza fiskalen gaia.
Progresibitate fiskala aplikatzea jasotzen duela du gobernu taldeak proposamenean, eta halaber, udalerriaren erronka nagusiekin lotutako arloetako hainbat neurri fiskal ere baditu: etxebizitza, tokiko garapena, trantsizio ekologikoa eta gizarte kohesioa.
Etxebizitzarekin lotuta OHZ Ondasun Higiezinen Zerga eta EIOZ Eraikuntza, Instalazio eta Obren Zerga izoztea proposatu du gobernu taldeak. Otaegik azaldu duenez, “Errenteriaren Eremu Tentsionatu izendapenean ezarritako helburuak lortzen laguntzen duten neurriak baitira, karga fiskala arindu eta egungo etxebizitza parkearen birgaitzea sustatzen jarraitzeko”.
OHZren errekarguan beste salbuespen bat
Tokiko garapena sustatzea ere hartu dutela aintzat proposamenean agerian jarri du, “udalerriarentzat eremu estrategikoa delako”. Hori horrela JEZ Jarduera Ekonomikoen Zerga, eta establezimendu berriak, lurzoruaren aprobetxamenduak eta azoka txikiak irekitzeko tasak ere izoztea proposatu dute. Gauza bera egin dute gizarte kohesioa hobetzearekin lotuta daudenetan, tutoretzapeko etxebizitzen, aldi baterako bizilekuen eta etxez etxeko arreta zerbitzuaren tasak izoztea proposatuta. OHZren errekarguan arlo honekin lotutako beste salbuespen bat jaso dute gainera Otaegik azaldu duenaren arabera, “irisgarritasuna ziurtatuta ez izateagatik etxebizitza utzi behar izan duten adinekoentzat edo mugikortasun arazoak dituztenentzat”.
Hondakinen tasari ere aipamena gaurko agerraldian udal agintariak. Hondakinen gaineko 7/2022 Legea betetzeko hondakinen tasa egokitu egin da azken urteetan. Aurten aurreikusitako eguneraketa, %2,4koa izango da proposamenaren arabera.
Jarduera ekonomikoetarako tarifa berri bat ere proposatu du gobernu taldeak, kuota finko bat eta IHOBEren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako metodologia estandarrean oinarritutako zuzenketa faktore bat kontuan hartzen dituena: “Zabor gutxiago sortzen duenak gutxiago ordain dezan, eta alderantziz”.
Ur hornidura eta estolderiaren tasa Añarbeko Uren Mankomunitateak planteatutako igoerara eguneratzea proposatu du, %2,5. TAOren tarifak, berriz, %2,4 igotzea proposatu da, eta egoiliar zein saltokientzat %1,6 eguneratzea. Tasen igoera progresiboa ere aplikatuko dela azaldu du alkateak, motordun ibilgailuen potentziaren arabera.
Azken datu bat ere eman du gaurko agerraldian Otaegik udalerriaren eta Gipuzkoaren zerga bilketaren alderaketa egiteko. Errenteria-Oreretako zerga bilketa biztanleko Gipuzkoako udalerrien batez bestekoa baino txikiagoa dela azaldu du udal agintariak eta 2022ko datuetara jo du horretarako: “Biztanleko 279 eurokoa izan zen Errenterian, Gipuzkoan 371 eurokoa, eta EAEn 354 eurokoa”.
