Zortzi hilabeteko itxaronaldia bukatu da
Errenteriako Udalak positiboki baloratu du azkenean erreferentziazko prezioen indizea zehaztu izana.
Errenteria-Oreretaren ikuspegi panoramikoa. Positibotzat. Horrela baloratu du udalak “azkenean” errenteriarentzat erreferentziazko prezioen indizea zehaztu izana. Luze jo du prozesuak, zortzi hilabeteko itxaronaldia egin behar izan baitute errenteriarrek udalerri tentsionatu izendatu zutenetik, horrek ematen dizkien erreminta guztiak indarrean sartzeko.
Udalak azaldu du aurtengo urtarrilaren 30ean argitaratu zela Errenteria-Oreretaren Eremu tentsionatu izendapena Espainiako aldizkari Ofizialean, baina deklarazio horretan jasotako hainbat neurri ezin izan direla aplikatu erreferentziazko prezioen indizerik ez zegoelako. Gaur adierazle hori argitaratuta, bihartik aurrera tenkatutako etxebizitza eremuetako alokairuek ondoko kasuetan ere izango dute prezio muga: edukitzaile handien etxebizitzetan —bost etxebizitza edo gehiago dituztenak—, lehen aldiz alokatzen diren etxebizitzetan, eta azken bost urteetan alokatu ez direnetan.
Erreferentziazko prezioen indizea indarrean sartzea albiste ona dela esan du Aizpea Otaegi alkateak, “alokairuen prezioak, poliki bada ere, jaisten joateko lagungarri izatea espero dut. Izan ere, bizi dugun etxebizitza larrialdia ikusirik, agintaldi honen hasera-haserako asmoa izan baitzen tentsionatutako udalerriaren izendapena eskuratzea eta lehenbailehen legeak ahalbidetzen zituen tresnak aktibatzea. Gauzak horrela, nahi baino gehiago luzatu da Gipuzkoarentzako erreferentziazko indizea martxan jartzea”.
Etxebizitza plana martxan
Eremu tentsionatuaren izendapenaren osagarri, hiru urterako etxebizitza plana garatzen jarraitzen duela esan du, bestalde, udalak. Plan horren bidez, sei eremutan eragitea aurreikusi zuen, esku hartze integrala bidez erantzuteko: Etxebizitzen erabilera turistikoa mugatzea; etxebizitza gehiago eraikitzea, tartean publikoak; etxebizitza hutsak mobilizatzeko neurriak indartzea; egungo etxebizitza parkea birgaitzeko neurriak garatzea; etxebizitzarako sarbidea errazteko laguntza sistemak sendotzea; eta erakundeen arteko elkarlana indartu eta koordinazioa hobetzea.
Arlo horietan guztietan urratsak egiten ari dela udala zehaztu dute, hainbat direla azken hilabeteetan hartutako neurriak edo martxan jarritako iniziatibak, “otsailean onartu zuen udalak, adibidez, turismo ostatuetarako lizentzia berriak etetea, etxebizitzaren erabilera soziala babesteko”.
Eusko Jaurlaritzari ere eskaini dizkio bi lursail, Esnabiden eta Altzaten, etxebizitza publikoa eraiki dezan. Udalak esan du espero duela Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak luze itxaron gabe abiatzea lursail horietan etxebizitza publikoak eraikitzeko prozesua.
Errenteriako etxebizitza parkea birgaitzeko esku hartzeetan txalotu egin du gainera udalak, Beraun Planaren harira egindako lankidetza, eta Eusko Jaurlaritzari dei egin dio Galtzaraborda biziberritzeko planera zabaltzeko. Azkenik, gogora ekarri du aurten lehenengoz etxebizitzak birgaitzeko diru laguntzak herri guztira zabaldu dituela 12 etxebizitza edo gutxiago dituzten eraikinentzako, aurtengo aurrekontuen negoziaketan EAJrekin lortutako akordioari esker.
