Gaintxurizketako trenbideen gaineko pasabidearen aurrean, "pozik" agertu da PSE-EE
Errepidearen gaineko pasabidearekin batera, bizilagunen eskaerak bete egin direla uste du alderdi sozialistak.
Lezoko PSE-EE Adifek Gaintxurizketan oinezkoentzat pasabide bat eraikitzeko erabakiaren aurrean mintzatu da. Alderdi sozialistaren ustez aparteko berria da, gehienbat bizilagunentzat eta inguruko langileentzat. “Argi dago herriko puntu kritiko batean mugikortasuna era integral eta seguru batean konponduko duela”, adierazi du alderdiko bozeramailea Joxean Sanchezek.
Adifek 3,7 milioi euroko lizitazioa iragarri du trenbidearen gainetik pasabide bat eraikitzeko. Pasabideak Renfe eta Euskotren zerbitzuen trenbideak zeharkatuko ditu, eta horrela orain arte izandako trenbide pasagunea ezabatuko du. “Foru aldundiak GI-636 errepidearen gainean egingo duen behin betiko pasabidearekin batera, berri bikaina da”, adierazi du alderdiak.
PSE-EEk eskerrak eman nahi izan dizkio Jose Antonio Santano Espainiako Garraio Estatu idazkariari, azpiegitura bultzatu izanagatik. Alderdiak esan du Gaintxurizketako bizilagunek aspalditik zuten eskaera bat zela, eta azkenean “argia ikusiko” dutela.
