Kubako emakume iraultzaileei begirada
'Cubanas: Guardianas de la revolucion' dokumental berria ikusteko aukera izango da Gaztañoko auzo lokalean, auzo elkarteak antolatzen duen hitzaldi zikloaren barruan.
Cubanas: Guardianas de la revolucion dokumental berria ikusteko aukera izango da Gaztañoko auzo lokalean, auzo elkarteak antolatzen duen hitzaldi zikloaren barruan. Etzi, ostirala, izango da emanaldia, 19:00etan hasita. Dokumentalaren zuzendariak Maria Torrellas eta Monica Simoncini dira, eta emanaldian izango da Torrellas bera, eta herrialde pobretutako borroka eta erresistentziei ahotsa ematen dien Resumen Latinoamericano kontrainformazio telebistako zuzendari Carlos Aznarez. Aznarez dokumentalaren ekoizlea izan da. Dokumentala ikusita, Torrellasek eta Aznarezek solasaldia eskainiko dute.
Kubako emakumeek herrialde horretako iraultzan izan duten papera aztertu dute dokumentalean. Hainbat gai landu dituzte, eta, omenaldi berezia egin diote lanaren bidez zuzendariek Isabel Moya borrokalari eta feministari. Hala nola, oinordetza beltza eta indigena, borrokalari klandestinoak, nekazari izatearen harrotasuna, kultur frontea, eta nerabezaroa landu dituzte dokumentalean.
Honakoa gainera, Cubanas. Mujeres en revolucion filmari segida da. Emakume iraultzaile kubatarren borroka bildu zuten bertara hasi aitzindari izan zirenetatik, Mariana Grajales kasu, eta buka gaur egun FMC Emakume Kubatarren Federazioan ari direnekin.
Sendagai bilketa
Kubak bizi duen blokeoa hausteko deia ere zabaldu du Gaztañoko auzo elkarteak, eta beste hainbat eragilek abiatutako osasun materiala biltzeko kanpainarekin bat egin du. Horrela, likidoak ez diren sendagaiak eta gutxienez 2026ko iraungipena dutenak; osasun tresnak: xiringa, eskularru, esparatrapu, benda, zunda eta josturak; eta higiene produktuak: pixoihalak, konpresak, preserbatiboak. Horiek guztiak jasoko dituzte auzo lokalean bertan urriaren 3an 18:00etatik 21:00etara. Taupada markagailuak erosteko dirua ere jasoko dute.
Jasotako horien bidez Kubako herria jasaten ari den hamarkada luzetako blokeoa arindu nahi dutela azaldu dute Gaztaño auzo Elkarteko kideek, “auzotarrak beti izan gara solidarioak inguruko zein munduko herriekin, elkartasuna baita herrien arteko xamurtasuna”.
Nabarmen jarri dute, Kuba “bere txikitasunean” beti izan dela solidario munduko herri askorekin, Euskal Herria barne, “oraingo honetan haiek osasun materiala behar dutela jakitun, gure aletxoa jartzea erabaki dugu”.
Deialdi bikoitza, beraz, Gaztaño auzoak: dokumental emanaldi eta hitzaldira bertara daitezen herritarrak, eta elkaratsun keinua izan dezaten Kubarekiko.
