Zaintza "benetan erdigunean jartzeko" erabakiak har ditzala eskatu diote Pasaiako Udalari
Etxez etxeko langileek euren baldintzak hobetzeko bidea publikazioa dela berretsi dute udalbatzarrean.
Etxez etxeko langileak, atzo, udalbatzarrean.ELA eta LAB sindikatuek bidalia Pasaiako etxez etxeko langileek Pasaiako Udalari gaian erabakiak har ditzala eskatu diote, eta zerbitzua publiko izan edo udalaren zuzeneko kudeaketa izan dezala. “Uste dugu nabarmena dela zerbitzuaren azpikontratazioa ez dela ona ez erabiltzaileentzat ezta zerbitzua ematen duten langileentzat ere”. Hala, bere garaian udalak hartu zuen “erabaki politikoarekin” atzera egin, eta enfasia jarri dute langileek publifikazioan. Egun greban dira Pasaiako etxez etxeko langileak, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Irailaren hasi ziren borrokaldi mugagabearekin, aurretik ere hainbat lanuzte egin zituztelarik. Atzo, udalbatzarrera eraman zuten euren haserre eta konponbide gosea.
Irailean zehar Pasaiako etxez etxeko langileen gatazkaren parte diren hiru aldeen arteko hartu-emanak izan dira. Hau da, langileek, udalak eta Matia Goxara enpresak negoziazioak abiatu dituzte, udalak proposatutako lan baldintzen eta bestelako alorren hobekuntzarako neurriak mahai gainean zirela. Enpresak uko egin dio mahaigaineratutako proposamen orori; langileen aburuz, Pasaiako Udalak proposatutako hobekuntzak, enpresarako gorde nahi zituen Matia Goxarak, ez langileen baldintzak hobetzeko. Egun, etenik daude negoziazio horiek, eta langileek greba mugagabean darraite.
Blokeo egoera horren aurrean, udalari presio egin nahi diote beharginek. “Udalari garbi eskatzen diogu dagokion ardura hartuz, egoera honi konponbide zuzena eman diezaiola, publifikazioaren bidean”, esan dute greba jarraitzen ari diren ELA eta LABeko kideek. “Enpresen negozio logikatik at” dagoen irtenbidea nahi dute langileek, “langileen baldintza duinak ahalbidetuko dituena. Hartu behar diren erabaki politikoak har ditzala udalak, zaintza benetan erdigunean jartzeko eta zaintzaileak egiten duten lana duintzeko”.
