Pasaia eremu tentsionatu izendatzeko eskaera, aurrera
Asteartean iraileko osoko bilkura egin zen, eta Pasaia eremu tentsionatu izendatzeko Eusko Jaurlaritzari egin beharreko eskaera aho batez onartu zen.
Asteartean (hilak 30) iraileko osoko bilkura egin zen Pasaiako udaletxean. Udalbatzak 14 puntu eztabaidatu zituen, eta horietako bat Pasaia eremu tentsionatu izendatzeko Eusko Jaurlaritzari egin beharreko eskaera zen. Gai hori aho batez onartu zela jakinarazi du Pasaiako Udalak. Afera hori lantzeko beharrezkoak diren diagnostikoa eta ekintza plana ere aurkeztu zituzten.
Neurri horren helburua da Pasaian gero eta nabarmenagoa den etxebizitza arazoari erantzun “irmoa eta eraginkorra” ematea. Pasaiako familiek beren diru sarreren %35,9 bideratzen dute etxebizitzarekin lotutako gastuetara, eta horrek udalerria tentsio egoeran dagoela erakusten duela adierazi du udalak. Horrez gain, Pasaiako etxebizitza eskaintza urria dela baietsi du udal erakundeak: hutsik dauden etxe asko daude, eta lurzoru eraikigarria oso mugatua da.
Diagnostiko horretatik lau ardatz estrategikotan oinarriturako ekintza plan bat osatu da, helburu argi batekin: “Alokairu eskuragarria sustatzea, bizitegi eraikinen parkea eta hiri berroneratzea bultzatzea, alokairurako prestazio eta diru laguntzak indartzea eta gobernantza partekatua sendotzea”.
Honakoa adierazi du Teo Alberro alkateak: “Pasaitarren bizi kalitatea hobetzeko bide orri zehatza eskaintzen da, eta, horretarako, bidean ezinbestekoa izango da Eusko Jaurlaritzaren partaidetza eta konpromisoa. Bestalde, dokumentuak ez ditu proposamen teoriko hutsak jasotzen, ekintza praktiko eta gauzagarriak baizik, kronograma argi batekin”.
PSE-EE: “Plana dago bi urte daramatzagulako presioa egiten”
Pasaiako PSE-EEk adierazi du EH Bilduk eta Podemosek osatzen duten udal gobernuaren Etxebizitza Plana aldatzea lortu duela. Pasaia eremu tentsionatu izendatzeko plan hori aldatzea “ezinbestekoa” zela nabarmendu du alderdi sozialistak: “Plana izatea eta hobetzea gure taldeak bi urtez egindako presio publikoaren emaitza zuzena da”. Hasierako asmoak “errealismorik” ez zuela salatu du PSE-EEk, eta horrek udal gobernuak udalerriaren “benetako beharrekin” duen “deskonexioa” erakusten duela nabarmendu du.
“Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko lidergo aktiboa eta kontzientea sozialistok ari gara izaten. Ez da kasualitatea Madrilen eta Gasteizen etxebizitza politika publikoak gure alderdiak gidatzea. Pasaian, zoritxarrez, udal gobernuaren lidergo horren falta sumatzen dugu, gai erabakigarri honetan eta beste batzuetan”, adierazi du Lore Suarez Pasaiako PSE-EEko bozeramaileak.
Alderdi sozialistak nabarmendu du haiek izan zirela ekintza planari proposamen zehatzak aurkeztu zizkioten oposizioko talde bakarra. Udal gobernua “funtsezko neurriak” sartzera behartu zuela jakinarazi du PSE-EEk, hala nola, alokairuko etxebizitza publikoaren aldeko apustua egitea eta jarraipen taldeak sortzea.
“Hasierako dokumentuak Pasaiako etxebizitzaren arazoari aurre egiteko plana baino gehiago desioen gutuna zirudien. Jatorrizko proposamenak gabezia handiak zituen epe laburreko jarduketei dagokionez, ez zuen jarduera publikoaren aldeko apustu garbirik egiten pribatuaren aurrean, eta ez zuen herritarrei irekitako jarraipen planik jasotzen”, baietsi du Suarezek.
“Anbizio eta zehaztasun faltaren aurrean”, alderdi sozialista oposizioan proposamenak aurkeztu zituen bakarra izan zela azaldu du PSE-EEk: “Gobernu taldea behartu zuen planaren gabeziak aitortzera eta zuzentzera”.
Pasaiako PSE-EEk alokairuko etxebizitza publikoaren aldeko “funtsezko apustua” egiten duela berretsi du, “planaren oinarrizko helburu gisa”. Horren aurrean, udal gobernuari hainbat jarduketa bultzatzea eskatu dio: Izarrako operazioak San Pedron, Extrataldea edo Donibanen JJ Otaegin eta Antxoko Luzuriagako bigarren fasea. “Hori errealista eta bideragarria da, eta zuzenean Alberro alkatearen esku dago martxan jartzea”, adierazi du udal talde sozialistak.
Suarezek nabarmendu du udal gobernua “behin eta berriz ez ikusiarena” egiten ari bada ere, alderdi sozialistak “beti” erantzukizunez jokatu duela herritarrekin: “Prentsan eskerrak eman behar izan ditugu EH Bildu eta Podemos lanean jar daitezen. Pasaiarentzat eta pasaitarrontzat politika egiten dugu, erantzukizunetik, gure errealitatea argi dugulako, errezeta generalistetatik edo interesatuetatik harago”.
Udal gobernua, harrituta PSE-EEren adierazpenekin
Teo Alberrok “harriduraz” hartu ditu Pasaiako PSE-EEek babestutako etxebizitza ekintza planaren inguruan egindako adierazpenak: “Ez dute planaren norabidea eta izaera inolaz ere moldatu, hasieratik oinarri sendoak eta garbiak baitzituen horrek: etxebizitza publikoaren alokairua sustatzea eta etxebizitza hutsen merkatua mobilizatzea, besteak beste. Beraz, ulergaitza zaigu beren burua kasik planaren lider gisa aurkeztu izana prentsan, behin plenoa igarota”.
Alberrok jakinarazi du PSE-EEk egindako ekarpenetatik, bi direla udal gobernuak txertatu dituenak: jarraipen batzorde bat sortzea proposatzea eta etxebizitza publikoaren inguruan planak egiten zuen aipamena indartzea. “Bi proposamen horiek egin zituzten eta onartu ditugu, baina ez dugu ulertzen horren harira PSE-EEk esatea eurei esker alokairuko etxebizitza publikoaren aldeko funtsezko apustua egin denik edota plana euren presioari esker onartu denik, inondik inora. Are gutxiago euren alderditik kontrako norabidean doazen politika eta proposamenak sustatzen ari direnean, besteak beste, Eusko Legebiltzarrean”.
Horren aurrean, Alberrok jakinarazi du etxebizitza gaietan benetako ardura duten erakundeen inplikaziorik gabe udalak eskuak lotuta dituela: “Erabat kontraesankorrak dira Pasaiako PSE-EEren adierazpenak ,omentu honetan Legebiltzarrean planteatzen ari diren Lurzoruaren Legearen kontrarreformaren testuinguruan. Izan ere, euren alderdiak nahiz EAJk aurkeztutako etxebizitzaren, lurzoruaren eta hirigintzaren lege proposamenaren tramitazioaren baitan, argi gelditu da bi alderdien lege proposamena interes pribatuetan pentsatuz idatzi zela, herritarren etxebizitza eskubidea bermatzean baino gehiago, sustatzaileen errentagarritasuna bermatzea bilatzen duelako. Hala, legeak babes publikoko etxebizitza gutxiago eraikitzea ahalbidetuko du, krisi une honetan ahalik eta etxebizitza babestu gehien egin beharko genituzkeen arren”.
Hori dela eta, alkateak dei egin dio Pasaiako PSE-EEri presio egin diezaion bere alderdiari Pasaiako Udalari baino, benetako apustu publikoa egin nahi badu etxebizitza larrialdiak eskatzen duen neurrian.
EAJk aldeko bozka eman du, baina “anbizio handiagoa” eskatu du
Pasaiako EAJk Pasaia eremu tentsionatu izendatzeko eskaeraren aldeko botoa eman zuen astearteko osoko bilkuran, “prezioen igoera mugatzea eta etxebizitzarako sarbidea erraztea ezinbestekoa” dela iritzita. Aldeko botoa eman arren, alderdi jeltzaleak nabarmendu du “kritikoak” direla EH Bilduk eta Podemosek bultzatutako etxebizitza politikarekin. EAJren aburuz, prezioak mugatzea “beharrezkoa” da, “baina ez nahikoa”. “Udalak anbizio handiagoko estrategia bat garatu behar du, Pasaiak bizi duen etxebizitza larrialdiari erantzuteko, bereziki gazteriaren eta kolektibo ahulen artean”.
Martxan dagoen HAPOaren Aurrerapenean, EAJk “lehentasunezkotzat” jo du etxebizitza larrialdiari erantzutea. Horretarako, alderdi jeltzaleak “anbizio handiagoa” eskatu zuen etxebizitzaren inguruan, helburu gisa planteatuz Donostialdeko Lurralde Plan Partzialean aurreikusitako 727 etxebizitzen eraikuntza aurreikuspena jasotzea. “Ulertzen dugu ez dela helburu erraza, baina bizi dugun une eta garaziotan ezinbestekoa da anbizio gehiago izatea eta gainerako erakundeekin elkarlanean aritzea planteatutako helburuak lortzeko”.
EAJk hazkunde eredu baten alde egin duela nabarmendu du: gaur egungo etxebizitzen berrikuntzan eta Pasaiako lurzoru urbano kontsolidatua osatzean oinarritua. Politika hori etxebizitza eskuragarria sustatzera bideratua dagoela zehaztu du alderdi jeltzaleak, tipologia aniztasunarekin eta sarbide eraginkorreko mekanismoekin. “Horretarako, bereziki birgaitzea eta dentsifikazio selektiboa landu behar dira”.
HAPOaren Aurrerapenaren hasierako idazketatik, Pasaiako etxebizitza egoera “nabarmen okertu” dela adierazi du EAJk. Jeltzaleek etxebizitza merkatuaren presioak aurreikusitako parametroak igotzea eskatu dute, eta horretarako neurriak behar direla nabarmendu dute:
- Aurreikusitako etxebizitzen kopurua handitzea, eraikigarritasun bideragarria ahalik eta gehien aprobetxatuz.
- Sarbide mekanismo errealak sustatzea, pasaitarrek udalerrian beren bizitza proiektua garatu ahal izateko.
- Titulartasun publikoko eraikinetan etxebizitza dotazionalak egitea aztertzea, belaunaldien arteko proiektuak sortzea ahalbidetuz eta gizarte kohesioa indartuz.
Horrek jasangarritasun eta lurralde oreka irizpideekin “bateragarria” izan behar duela adierazi du EAJk, “baina lehentasunez erantzun behar dio etxebizitza duin baterako eskubideari, Pasaiako hiri eredu berriaren ardatz estrategikoetako bat bezala”.
Halaber, ekintza planean jasotako neurri batzuek jeltzaleen “kezka” piztu dute. Esaterako, etxebizitza hutsen gaineko kanona ezartzeak. “Ulertzen dugu etxebizitzak merkatura ateratzeko neurriak ezartzea beharrezkoa dela, baina herritarren poltsikoari heldu aurretik; jeltzaleen ustez, garrantzitsua da aurrez aukera eta politika ezberdin guztiak egoki inplementatzea, eta kezkatzen gaitu ez ote den horrela gertatzen ari”.
Pasaiako EAJk etxebizitza politikarekiko duen konpromisoa berretsi nahi du: “Politika horrek ez du mugatu behar prezioak kontrolatzera soilik, baizik eta Pasaiako udalerrian eskaintza berria sortzera, egun dagoena birgaitzera eta herritarrek emantzipatzeko eta duintasunez bizitzeko aukerak bermatzera”.
