Ane Santestebanek agur esan dio txirrindularitza profesionalari
Igandean, GP Eibarren egingo du azken lasterketa txirrindulari profesional gisa errenteriarrak.
Ane Santesteban Gonzalez txirrindulari errenteriarra. Argazkia: Markel Bazanbide Agur esan dio Ane Santesteban Gonzalezek (Errenteria, 1990) txirrindularitza profesionalari. Hala jakinarazi du gaur, baita, igandean jokatuko duela bere azken lasterketa txirrindulari profesional gisa GP Eibarren. 10-11 urterekin hasi zela bizikletan ibiltzen esan du errenteriarrak, eta ez zuela pentsatu “hain urruti” helduko zenik. Orain, 34 urterekin bizikletatik jaisteko unea heldu zaiola erabaki du.
Hamazazpi urtez aritu da Santesteban txirrindulari profesional; Euskal Herrian hasi eta bertan bukatuko du. Lehen lasterketa 2009an egin zuen Debabarrena-Kirolgi taldearekin, eta Laboral Kutxan esango dio agur ibilbideari.
Goi mailako kirola utziko badu ere, txirrindularitzarekin duen konpromisoari eutsiko diola jakinarazi du Santestebanek, “txirrindularizta ez da bukatzen lasterketa bukatzen denean; bizitzarekin gertatu bezala, aurrera egiten du”.
Lasterketa asko ez dituela irabazi, baino hori baino garrantzitsuagoa den “errespetua, maitasuna eta txirrindularia izatearen harrotasuna” irabazi dituela adierazi du errenteriarrak. Txirrindulari profesional gisa egindako ibilbidea kiroletik harago doala esan du: “Nire bizitza izan da. Txirrindularitza pasioa izan dut, eskola, etxea. Ez ditut garaikurrez bete apalak, baina ezergatik aldatuko ez nituzkeen uneekin bete dut bihotza”.
Egin duen ibilbideaz harro Santesteban, ez emaitzengatik, ordezkatu nahi izan duenarengatik baizik: “Talde lanari balioa ematen dion txirrindularitzan egoteko modu bat, konpromisoa, errespetua eta konstantzia. Datozen gazteentzat eredu izan nahi nuen, distira egiteko modu ugari direla erakutsi, eta denak direla baliagarriak”. Erreferentea den zalantzarik ez da; Ane Santesteban Txirrindulari Saria antolatzen hasi zen 2024an OTXE Oarsoaldeko Txirrindulari Elkartea bere sorterrian. Lehen aldian, 87 txirrindularik eman zuten izena aurrez, eta 81 kirolarik hartu zuten parte azkenean. Kontuan hartuta Kadete eta Gazte mailetako emakume txirrindulariei begira egin zuten lehena. Aurten, berriz, 155 emakume txirrindularik hartu dute parte Kadete, Junior, 23 urtez azpiko eta Elite kategorietan.
Txirrindularitzak espero zuena “baino askoz ere gehiago” emanda bukatuko duela zikloa esan du ere, “erakutsi dit ez duzula helmuga zeharkatzen lehena izan behar irabazle sentitzeko. Garrantzitsua dela nola egiten duzun lasterketa, norekin, eta zer uzten duzun bidean”.
Esker ona azaldu die bukatzeko errenteriarrak hamazazpi urteetan zehar bere alde egin duten taldeei: Debabarrena, Bizkaia, Ale, Ceratizit, Jayco, “eta oso modu berezian Laboral Kutxari nire ametsa betetzeagatik: Emakumeen txirrindularitzaren aldeko apustua egiten duen eta atzetik datozenei bidea zabaltzen ari zaien etxeko talde batean aritzea”.
