Badator berriro garagardo festa
Urriaren 9an, 10ean eta 11n Madalensoro plaza garagardoz, ukondoz, patata purez eta oilasko hegalez beteko dute.
Garagardoa, janaria eta giro ona. Hori bera bilatzen dute oiartzuarrek urtero urriaren 12aren inguruko asteburuan. Hemeretzigarren aldiz egingo dute Oiartzungo garagardo festa. Hasieratik mantendu duten “ilusio berdinarekin” jarraitzen du Igor Ibarguren antolatzaileak. Ia bi hamarkadaren ondoren, egutegian gorriz azpimarratutako eguna da, eta ez soilik oiartzuarrentzat, inguruko eskualdetako jendea ere bertara hurbiltzen da eta. Urriaren 9, 10 eta 11 Madalensoro plaza garagardoz beteko dute,
Garagardoa gustuko zuten boskote batek izan zuen festa sortzeko ideia. “Garagardoa gustukoa dugu, bai, baina hori baino, herriko produktuei eta ekoizleei garrantzia eman nahi genien. Saiatu izan gara beti produktuak herrian erosten, eta horren baitan abiatzen festa”, azaldu du Ibargurenek. Orain, festak izan duen hazkundea ikusita, harrotasunez begiratzen dute atzera, jakinda urte txarrak ere izan direla. “Izan dira urteak dirua galdu dugula, baina halere aurrera jarraitu dugu, eta orain erreferentzizko data bat bilakatu da herrian”. Filosofia argia izan du antolakuntzak hasieratik: “Prezioak mantentzen saiatu gara, beti ahalik eta merkeen jarriz, horrela pentsatzen dugu eta guk. Ez dugu festa garesti bat egin nahi”.
Hamabost garagardo
Hamabost garagardo dastatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Badira urrunetik etorritakoak, hala nola, Budejovicky Budvar (Txekia), Staropramen (Txekia), Stella Artois (Flandria), Leffe (Belgika), Grimbergen (Belgika) eta O’Hara’s (Irlanda). garizkoak, horiak, txigortuak, gluten gabekoak, alkoholik gabekoak… denetarik izango da, dena pitxarretan edateko, noski. Garagardoarekin gosea sortzen bada, badago konponbidea. “Ukondoa, patata purea, tomatea… badugu janaria. Iaz saiheskiak aldatu egin genituen, eta oilasko hegalak jarri. Aurten berdin jarraituko dugu. Postrea ere izango da. Herriko gazta eta herriko taberna batek egindako postre gozoa”.
Edariaz eta janariaz gain, sariak banatuko dituzte. “40 sari baino gehiago banatuko ditugu, gehienak herriko komertzioen laguntzarekin”, azaldu du antolatzaileak. Horien artean, gosariak, otorduak, masajeak eta termetarako bonoak daude. Hainbat elementuz osaturiko loteak ere banatuko dituzte.
