Baserritar jantzien erakusketa zabalduko dute bihar
Azaroan baserritar jantzia ezagutzeko hitzaldi berezia eskainiko du Jantziaren Zentroak.
Emakume baserritarren jantziak.Jantziaren Zentroa Baserritar jantzien erakusketa zabalduko du bihartik Jantziaren Zentroak eta datorren urteko urtarrilaren 4ra arte izangod a ikusteko aukera. Garrantzi berezia eman dio zentroak aurten gizonen baserritar jantziari, eta horrela Kapitain Etxeko sarrerako aretoan eskuineko pareta osoan bost gizonezko baserritarren jantziak, bost brusoi, guztiak erreplikak, ikus daitezke. Atzealdean pareta luze zabal hartzen duen XX. mende hasierako argazkian gizonezkoak dira protagonista. Aurrez aurre Errenteria-Oreretako argazki zaharra, eta bederatzi emakume baserritarren jantziak. Horiek Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroako jantzien erreplikak dira.
Ez da ekintza erakusketara mugatuko. Izan ere, azaroan hitzaldia antolatu dute, berezia, jantziaren zati bakoitza azaldu eta azalpena eman ahala jantzi egingo dute, barrutik nola eginda dagoen, nola lotzen den, buruko zapia nola jartzen den ikusi eta ikasteko.
Bi hitzaldi izango dira: azaroaren 15ean euskaraz, eta 22an gaztelaniaz; biak 17:00etan. Ordu bete iraungo dute eta 7 euro balioko dute sarrerek. Parte hartzeko izena eman behar da aurrez posta elektronikora mezua bidalita (klikatu hemen) 943 49 45 21 telefono zenbakira deituta, edo zentrotik pasata. Mugatuak dira plazak.
Erakusketa martxan den bitartean Baserritar jantzia. Herri langile baten aztarna liburuxka salgai izango dela jakinarazi dute, bestalde. Prezioa, 3,5 euro. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dago, baserritar jantziaren zati bakoitza deskribatzen du, argazkiekin eta testu zaharrak aipatuta.
