«Borrokarako grina eta balio ugari eman dizkit arraunak»
Ez du erraz hartu erabakia, baina arraunari agur esan dio Nerea Orena Diazek denboraldia bukatu berritan. Hamasei urtez aritu da 'Madalen' ontzian, arraunaren gorenean.
Nerea Orena arraunlari ohia. Hamasei urteko ibilbide luzeari agur esan dio Nerea Orena Diaz (Donostia, 1981) arraunlariak. Urte horiek egin ditu Hibaika Arraun Elkartearen Madalen ontziaren tostartean. Ura eta arraunarekin lotura, baina, askoz lehenagotik datorkio. Izan ere, Fortuna Kirol Elkartean hasi zen arraunean 1998an, eta bertan aritu zen 2009ra arte. Bidean, surf ikastaro batean ezagutu zituen Maika Tameron eta Amaia Arzelus; haien eskutik heldu zen Hibaika Arraun Elkartera.
Ordutik izan da Orena Madalen ontziko eskifaiako kide, eta emakumeen arraunaren gorenean aritu da. Arrauna zintzilikatzea erabaki du orain, denboraldia amaitu berritan eta Hibaikaren ontzia hamahirugarrenez sailkatu ostean Kontxako estropadarako. Motxila une ederrez beteta esan dio agur hainbeste urtez bizimodu izan duen kirolari, eta oraindik bidea badu ere, emakumeen arraunak prestigio handiko garaia bizi duen unean. Arantzez, une politez eta egindako urratsez mintzatu da Hitzarekin Orena.
2010ean heldu zinen Hibaika Arraun Elkartera eta 16 denboraldi eman dituzu bertan. Nola eta zergatik erabaki zenuen bertan hastea?
Bertan arrauna egiten zuten Amaia Arzelus eta Maika Tameronekin topo egin nuen surf ikastaro batean, baita garai hartan Hibaikan arraun egiten zuten mutil batzuekin ere, eta Fortuna elkartea utzia nuen ordurako. Animatzeko esan zidaten, jendea behar zutela… eta animatu egin nintzen. Horrela hasi nintzen Hibaikan.
Errenteria-Oreretako arraun elkartean egindako 16 urte horietatik 12 eman dituzu emakumeen arraunaren goi mailan, Euskotren Ligan. Zer suposatzen du horrek arraunlari batentzat?
Ez dut pentsatu ere egin. Egia esan poza handia eragiten du ikusteak Hibaika hor mantendu dela urte hauetan guztietan. Goi mailan mantentze horrek, gainera, esan nahi du jende askok lan handia egin duela hori horrela izateko. Niretzako pertsonalki poza ikaragarria suposatzen du arraunean hainbeste urtez aritu naizen traineruak Euskotrenen jarraitzeak.
Arraunaren olinpiadaren pareko den Kontxa irabaztetik segundo eskasera gelditu izan zarete bi alditan. Arantzarik baduzu horregatik?
Arantzatxoa hor dago, bai. Hala ere, denborarekin ikasi egiten duzu balioa ematen lortu duzun guztiari, eta pozik egoten horrekin. Ez dugu lortu irabaztea, baina kirolari mailan hor ginen, goi-goian, bandera gertu-gertuan. Arantza, hala ere, beti gelditzen da.
Denboraldia bukatuta agur esango diozu arraunari. Hala da? Eta zer eman dizu kirol honek?
Bai hala da, arrauna utziko dudala erabaki dut. Zer eman didan? Arraunak gauza asko eman dizkit. Eman dit bizimodu bat, lagunak, momentu polit asko, nire burua ezagutzeko tresna izan da, hazteko bitarteko oso baliagarria, bizitzari begira gauzei aurre egiteko modua ere bilakatu da… Borrokarako grina eta talde lana, balio ugari… Gauza asko-asko eman dizkit arraunak, ezingo nituzke denak esan.
Gorenean ibilita ziurrenik heldu zaizu beste kluben bateko eskaintzarik urte hauetan guztietan.
Ez bada, ez dut jaso beste klubetako eskaintzarik.
Hala ere, ez zara saiatu beste nonbaitera joaten, ezta?
Hala da, ez naiz saiatu beste inora joaten, beste klub bateko atea jotzen, gustura izan naiz Hibaikan. Inoiz pasa zait burutik, baina ez dut inoiz kontsideratu nire burua ezaugarri fisiko ikaragarriak dituen arraunlari gisa, eta hori izan da agian urratsa egitera ez ausartzeko arrazoia.
Emakumeen arrauna zertan aldatu da zu hasi zinen garai haietatik gaur egunera?
Gauza askotan izan dira aldaketak epe horretan. Hasteko eta behin, 2008an izan zen lehenengo Kontxa emakumeetan eta ni arraunean hasi nintzenean ez nuen imajinatu ere egiten emakumeak Kontxan egon zitezkeenik, ezinezkoa zitzaidan irudikatzea traineruan izan gintezkeenik ere, eta begira gaur egun non gauden.
Garai haiekin alderatuta, berriz, gaur egungo gazteak hasten dira arraunean eta horra begira jartzen dira, Kontxarekin pentsatuz. Egoera aldatu delako da hori.
Urte dezente behar izan ziren sariak berdintzeko. 2018an berdindu ziren emakume eta gizonen Kontxako sariak, ordura arte ezberdina zen saria batzuentzat eta besteentzat.
Diru, baldintza eta prestigio aldetik ezberdintasun handiak izan dira.
Emakumeen arraunak aitortza eta laguntza nahikoa jasotzen duela uste duzu gaur egun?
Aldaketa handia eman dela hasierako urteetatik gaur egunera arte uste dut. Guk batelak egiten genituen hasieran, horretan lehiatzen ginen, eta baldintzak berak ziren gizon eta emakumeentzat, baina emakumeen trainerillak egiten hasi ginenean oso ezberdinak ziren baldintzak; pentsa, Euskadiko Txapelketa antolatzen zuten eta dominarik ere ez zen egiten emakumeentzat.
Ordutik asko aldatu da egoera. Gipuzkoako Foru Aldundia hasi zen emakumeen kirola sustatzen, telebista ere hasi zen ematen emakumeen estropadak, eta presentzia horrek izan zuen eragina… Urteekin asko aldatu da egoera.
Hibaikaren emakumeen ontzia neska eta gazte askoren erreferente bilakatu da. Nola bizi duzu hori?
Ez dut inoiz pentsatu inoren erreferente naizenik edo garenik. Finean, gustuko dudan zerbait egitera etortzen naiz, horrexegatik, arrauna gustuko dudalako, eta horrela bizitu dut beti. Egia da Euskotren Ligan mantentze horrek, telebistan eta medioetan azaltzeak ematen dizula ikusgarritasun bat, eta horrek nahitaez erakartzen duela jendea.
Arraunarekin lotuta ahaztuko ez duzun une bat?
Bakarra aukeratzea oso zaila da, ahaztuko ez dudan une asko eman dizkidalako arraunak; pila bat. 2017an Euskadiko Txapelketa irabazi genuenekoa izan daiteke horietako bat. Harrera egin ziguten irabazi genuen egun berean udaletxeko guretzako ateak zabalduta, eta Oreretako jaiak zirenez, oso momentu berezia izan zen. Gehiago ere baditut, oso bereziak; Kontxako bandera irabazteko puntuan izan ginenekoa, eta irabazi ez. Hala ere, udaletxea ireki ziguten orduan ere bai, eta oso hunkigarria izan zen, oso une politak bizi genituen.
Berezia ere izan zen bateletan Espainiako Txapelketa irabazi genuenean… Momentu polit asko daude.
Tosta utziko duzu, baina arraunarekin lotutako zer edo zertan jarraitzeko asmorik ba al duzu?
Ez daukat argi momentuz. Azkenean, urte askoz nire bizimodua izan da arrauna, egunerokotasunean sartuta izan dut, eta orain sentitzen dut behar dudala distantzia bat hartu denbora tarte batez, eta ikusi gorputzak eta buruak zer esaten didaten. Momentuz behintzat, distantzia hori behar dut.
Kostatu egin al zaizu erabakia hartzea, arraunari agur esatea?
Bai. Zaila izan da erabakia hartzea.
