Elkartasun oldea Palestinaren alde
Dozenaka eta dozenaka lagun bildu dira Palestinari eta flotillari elkartasuna adierazteko Zumardia lepo beteta.
Palestina eta flotillaren aldeko elkarretaratzea. Laguntza humanitarioa Gazara zeraman flotilla eraso zuten asteazken gauean Israelgo militarrek, bertan zihoazen ekintzaileak atxilotuta. Horren aurrean urgentziaz deitu zuen kalera Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herriak. Deia erantzunez, dozenaka eta dozenaka herritarrek egin zuten bat Zumardian, plaza lepo betetzeraino. Palestina askatzearen aldeko oihuak, palestinar erresistentziaren aldekoak, eta Israeli boikot egiteko deia megafoniako hegazkin eta bonben hots gainetik entzun ziren. Horiek isilarazi eta genozidioa bukatzea exijitu zuten enegarrenez elkarretaratzera bildutakoek, Euskal Herriko Hiriburu eta herri asko-askotan egin moduan Errenteria-Oreretan ere.
Gogor salatu zuten “Israelgo okupazio indarrek nazioarteko urtean, nazio itsas eskubidea urratuz” Global Sumud Flotillaren aurka egindako eraso eta abordatzea: “Flotillak laguntza humanitarioa ezinbestekoa zeraman eta Gazako Zerrendan ezarritako blokeo kriminala haustea zuen helburu”. ez da berria blokeo hori, hamazazpi urte baino gehiago daramala indarrean gogorarazi zuten elkarretaratzearen deitzaileek atzoko protestan, “eta nazioarteko zuzenbideak debekatzen duen zigor kolektiboaren mekanismo bilakatu da , inoiz gertatu ez den hondamendi humanitarioa eraginez”.
Flotillaren kontrako erasoa, palestinar herriaren kontrako genozidioaren testuinguruan kokatu zuten, halaber, “Gaza hiria tankeekin okupatzen ari dira, bonbardaketak etengabeak dira eta egunero hildako gehiago eragiten dituzte; bitartean milaka pertsona bortxaz kanporatzen dituzte beren etxeetatik”. Hori egunerokoa, Gazan, “ofentsiba sistematiko horrek herri oso bat apurtzea eta bere existentzia ezabatzea bilatzen du, mundu osaren aurrean”.
Misio humanitarioaren kontrako erasoa “pirateria ekintzatzat” jo dute, “krimen bat da, nazioarteko legedia urratzen duena”. Horren aurrean, berriz, zigorgabetasuna agerian gelditu dela salatu zuten, “nazioarteko esparrutik kanpo jokatzen duen erregimen bat, masakrea isilik onartzen duten nazioarteko gobernu eta erakundeen konplizitatearekin”. Zigorgabetasun horri, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Donald Trump AEBtako presidenteak aurkeztutako bake plan “suntsitzailea” gehitu behar zaiola orain ere jarri zuten nabarmen, “zilegitasunik gabea eta gaur egungo genozidioaren bi konplize nagusiek idatzia”.
Euskal Herritik eskaera zehatza: Gazako herritarrentzat atzemandako laguntza humanitarioa berehala eta era seguruan entregatzea; Palestinar herria heriotzara eta behartutako erbesteratzera kondenatzen duten genozidioa eta blokeoa berehala bukatzea; Global Sumud flotillako ekintzaile eta tripulatzaile guztien berehalako askatasuna; eta nazioarteko prozesu judizialak zabaltzea, erantzule politiko eta militarren aurka.
Palestinarekin konpromiso “haustezina” berretsi zuten bukatzeko eta dei egin zioten gizarte zibilari eta instituzioei mobilizazioa, salaketa eta nazioarteko elkartasuna areagotzera, “giza eskubideen errespetu osoa, blokeoa altxatzea eta Palestina aske aitortzea lortu arte”.
