Itsas plastikoen inbasioa geldiarazteko Europako kanpaina Pasaian hasiko da
Aldundiak Blue Expedition itsas plastikoen inbasioa geldiarazteko sentsibilizazio kanpaina abiatu du. Espedizioa Pasaiatik abiatuko da, eta Materrek hainbat jarduera antolatu ditu hilaren 9tik 12ra.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuak, Blue Point proiektu europarraren baitan, Blue Expedition kanpaina abiatu du. Blue Expedition itsas plastikoen inbasioa geldiarazteko sentsibilizazio kanpaina bat da. Itsas plastikoen inbasioa geldi dezagun lelopean, espedizioak Kantauri itsasoko hiru portutan egingo ditu geldialdiak. Lehena Pasaian izango da, hilaren 9tik 12ra bitartean. Pasaian izan ondoren, espedizioa Santanderrera (hilaren 16tik 19ra) eta Avilesera (hilaren 23tik 26ra) joango da, Kantabriara eta Asturiasera, hurrenez hurren.
Pasaian, Santanderren eta Avilesen Mater Ontzi Museo Ekoaktiboko kideek karpa bat jarriko dute, eta lau eguneko doako egitarau bat onduko dute, ikasle, herritar eta itsas eragileei begirakoa. Materreko kideek erakusketa interaktiboak, familia tailerrak, bisita gidatuak, proiekzioak, itsas hondakinen bilketak, plastikoekin egindako sorkuntza artistikoak eta itsas sektoreko eragileentzako jarduerak eskainiko dituzte. Pasaian, honakoak egingo dira zehazki:
- Itsasoa zaintzen bizitza zaintzeko erakusketa interaktiboa, hilaren 9tik 12ra.
- Bisita gidatuak Mater ontzira, hilaren 9tik 12ra.
- Itsas zaindariak gara familientzako tailerrak, hilaren 9an eta 12an.
- Hondar 2050 dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia Cesare Maglioni zuzendariarekin, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuarekin eta Izaskun Suberbiola Materreko zuzendariarekin, hilaren 10ean.
- Itsas hondakinen bilketa eta karakterizazioa badian, hilaren 11n.
- Sorkuntza artistikoa plastikoekin EHUko ikasleen eskutik, hilaren 12an.
- Bio eta Zabor itsasoko erraldoien desfilea, herritarren aurrean Konpromiso Urdina irakurtzearekin batera, hilaren 12an.
Itsasoaren defentsarako sarea
Blue Expedition proiektuak itsasoarekin lotura handiena duten agenteak aktibatu nahi ditu, Blue Ambassadors izeneko sarea bultzatzeko. Sare hori kofradiek, klub nautikoek, GKEek, enpresek eta ozeanoak babesteko konpromisoa duten erakundeek osatzen dute.
Blue Ambassador bihurtzea itsasoaren zaintzarekin konpromiso aktiboa hartzea dela adierazi dute sustatzaileek, jardunbide egokiak ikusarazteko eta sarean lan egiteko plastikoen inbasioari irtenbide bateratuak bilatzeko. Horren baitan, Konpromiso Urdina sinatuko dute, eta une sinbolikoa izango dela nabarmendu dute antolatzaileek. Haien helburua da familia urdinaren argazki bat ateratzea, “lurraldearen batasuna erakutsiko duena itsaso bizi baten defentsan”.
Pasaiako kasuan, hilaren 12an herritarrek aukera izango dute Konpromiso Urdin hori erakusteko. Ekitaldi horretan Bio eta Zabor erraldoiek hartuko dute parte, eta konpromiso horren irakurketa egingo da, publikoari irekitako jai ekitaldi batean, itsasoaren defentsaren aldeko konpromisoa erakutsi ahal izateko.
Antolatzaileek adierazi dute sare horren sorrera ez dela espedizioarekin bukatuko, Blue Ambassadors gisa batzen diren erakundeek dinamika esklusiboetan hartuko baitute parte, esperientziak partekatuz, aliantzak sortuz eta jasangarritasunean, ekitatean eta errespetuan oinarritutako itsas kultura berri baten bozgorailu bihurtuz.
