Juneren Hegoak elkarteak egun handia aurkeztu du
Hurrengo larunbatean egingo du, hilak 11, eta ohi bezala egun osoko egitaraua prestatu du.
Juneren Hegoak egunaren aurkezpena Juneren Hegoak Eguna ospatuko dute hilaren 11n, larunbata. atzo arratsaldean aurkeztu zuten elkarteko ordezkariek, Maite Gartzia Kultura zinegotziarekin batera haien egun handia Gernika plazan. Izan ere. azken hori izango da jaia handiaren epizentroa eguraldiak laguntzen badu; hala ez bada, badute alternatiba, Koldo Mitxelena ikastetxearen jolastoki estalira eramango dute ondu duten egitaraua.
Ohi bezala egun osoko egitaraua prestatu du elkarteak. Goizean, puzgarriak, eskulanak, aurpegia margotzeko tailerra, photocalla eta mahai tenisa izango dira; arratsaldean, berriz, emanaldien txanda izango da. Magia ikuskizuna egingo du Edu Magoak 16::00etan, eta horren atzetik, Motx Pailazoak hartuko du agertokia 17:15ean eta jaiari ginga jarriko dio DJ Ostokek 18:30ean. Aurkezle eta dinamizatzaile lanetan, jaiaren klasiko bat, Luisma Laboa. Egun osoan zehar produktu solidarioen salmentarako postuak izango dira Abarka, BPAN, Mindara, Naizen eta Pausoka bezalako elkarte lagunen presentziarekin, eta edariak ere salduko dituzte.
Egunaren beste klasiko batek ere ez du hutsik egingo: zozketa solidarioak. Horretan parte hartzeko txartelak salgai jarri dituzte udalerriko hiru saltokitan: Aker, Kerala eta Lekuona Fabrikako kantinan; prezioa, bi euro. Zozketa Juneren Hegoak Egunean egingo dute, DJaren emanaldiaren aurretik, eta sariak hilabeteko epean eskuratu daitezke.
Boluntarioei aitortza
Juneren Hegoak elkartearen produktuak erosteko aukera izango dela jakinarazi zuten atzoko agerraldian: “kamisetak, jertseak, poltsak… elkartearen irudia duen tximeletarekin”. Egutegi solidarioak ere izango dira salgai, “egutegien bidez boluntarioei aitortza egin eta familien bizitza hobetzeko kezka duten pertsonak motibatzeko baliatu nahi dugu, elkartearekin harremanetan jar daitezen eta elkarlanean aritu ahal izateko”.
Bertaratzeko deia ere zabaldu zuten atzoko agerraldian, “antolatutako jarduerez eta Gernika plazan izango den festa giroarekin gozatzeko deia luzatu nahi diegu herritarrei”. Elkarteak egiten duen lana ikusrazi nahi du egunaren bidez, “haurren gaixotasun bat bizi duten familiek bizi duten egoera horrek egunerokoan duen eraginari buruz sentsibilizatzea, eta boluntarioen lan desinteresatuari balioa ematea, haien ekarpenik gabe ezinezkoa bailitzateke elkartearen lana egitea”.
Esker ona adierazteko tartea ere zabaldu zuten atzoko agerraldian. Hala, KBL Oarso Elektrizitatea, Marpex eta Etxe Berriak-Olibet auzo elkartearen “laguntza eskuzabala” eskertsu zuen elkarteak, “baita hasieratik Juneren Hegoak babestu duen Errenteriako Udalarena ere.
2013an sortutako elkartea
Juneren Hegoak 2013an sortu zuten, eta laguntza sarea josi du gaixotasunak, dibertsitate funtzionaleko egoerak edota adingabeen dolua jasaten ari diren ahultasun egoeran dauden Gipuzkoako familientzat. haien bizitza kalitatea hobetzen laguntzeko bitartekoak eskaintzen dizkie.
Juneren Hegoak elkartea lagundu nahi dutenek hauetako bideren bat erabil dezakete: Boluntario egin nahi dutenei, posta elektroniko helbide honetara idazteko eskatu diete; hilero euro baten trukez Teamer izateko berriz, hemen sakatu. Dohaintza egiteko aukera ere badago (horretarako klik egin hemen). Juneren Hegoak elkartearen laguntzaile izateko aukera ere eskaintzen du elkarteak.
Horretaz gain, Sabadell banketxeko ES81 0081 4254 46 0001112822 kontu korrontean egin daiteke ekarpena, baita Bizum bidez ere 03930 kodea erabilita, edota dohaintzak sailean Juneren Hegoak bilatuta.
