Lezoko EAJ: "EH Bilduk udal kontuak berriro kolokan jarri ditu"
Udal gobernuak, Lezoko Udalak bizi duen egoera ekonomikoaren gaineko azalpenak eman ondoren, herriko EAJk balorazioa egin du.
Laura Martinez eta Alaitz de La Maza, Lezoko EAJren zinegotziak.Lezoko EAJ Lezoko udal gobernu taldeak (EH Bildu) udalak bizi duen egoera ekonomikoaren gaineko azalpenak eman zituen asteartean. Horren harira, Lezoko EAJk balorazioa egin, eta iritzia eman du. “EH Bilduk udal kontuak berriro kolokan jarri ditu”, esan dute jeltzaleek.
Laura Martinez eta Alaitz de La Maza zinegotziek azaldu dute 2015ean, EAJ alkatetzara iritsi zenean, udalaren gidaritza zorpean hartu zuela, “eta inbertsio handiak gauzatu ondoren, eta herritarrengan eraginik izan gabe, 2023an erakundea soberakinekin utzi genuen”. Bi agintaldi horietan (2015-2019 eta 2019-2023 artean izan zuen alkatetza EAJk, PSE-EErekin koalizioan) egindako inbertsioen artean kaleko igogailuenak eta hainbat lokalen erosketak aipatu dituzte. “Kudeaketa horren aurrean, EH Bilduren egungo gobernuak berriro egoera ekonomiko kezkagarrian jarri du Lezo, eta orain aitzakiekin zuritu nahi du, kontuak zuzentzea lortu zutenen gain errua botaz”.
Betean enpresak egin du udalaren egoera ekonomikoaren gaineko lehen txostena, zehazki sarrerei dagokiena. “Alkateak agerraldian iragarri zituen tasen eta zergen igoerak, eta kanpoko txosten batean babestu zen ‘epe ertainera finantza-blokeo arriskuez’ hitz egiteko. Aldi berean, gastu arrunta handitu du (langileak, oinarrizko zerbitzuak, transferentziak), baita azken urteetan soldata aldaketak eta osagarriak onartu ere. Hori guztia herritarrei behar bezalako informaziorik eman gabe, eta egoera zuzentzeko berandu denean”.
Horren aurrean, hainbat eskaera egin dizkiote jeltzaleek udal gobernuari. Batetik, “egoera honetara iristeko” hartu diren erabakien berri jakin nahi dute, eta deitoratu dute “herritarrak eta udalbatza” ez dutela informatu. Gainera, udalak zein kanpo zerbitzu kontratatu dituen jakin nahi du EAJk, ea horien kostua zein izan den. Udalaren gastu arruntaren igoeraren zergatien azalpenak ere nahi dituzte, “udalaren kontuak onbideratuta bazeuden, zergatik handitu da gastu arrunta?”. Udalaren kontuetan diru soberakina zenbatekoa den ere jakin nahi dutela adierazi dute Martinezek eta De La Mazak. Baita kritika luzatu ere: “Hauteskunde etekinak lortzeko populismora jotzen jarraituko duzue, zuen kudeaketa txarra ezkutatzeko eta aurreko kudeatzaileei errua botatzeko, erantzukizunak hartu ordez?”
EAJk EH Bilduri leporatu dio haien jarduna “titular eta aitzakia” errazetan oinarritzen dela, “kudeaketa serioa eta gardentasuna alde batera utzita”. Lezoarrek “ziurtasunak” behar dituztela uste dute bi zinegotziek, “ez gaitasun eza, lidergo falta eta kudeaketa eskasa estaltzeko kontakizunak”.
Hori horrela, gobernuak egoera ekonomikoa bideratzeko azalpenak eman ditzala eskatu diote Mikel Arruti alkateari, agerraldi publiko eta monografiko bidez. Gainera, diagnostiko ekonomikoa, nahiz kanpo zerbitzu eta kontratuak jendaurrean jartzea nahi dute. “Barne-ordenean, kontratuen berrikuspenetan eta gastu arruntaren kontrolean oinarritutako doikuntza-plana, familiek zergen igoera beren gain ez hartzeko”; hori ere EAJren eskaera.
