Lezo eta Palestina, berriz ere bat
Gazarako bidean zen ontzidiaren atzematea salatu, eta Palestinako herria babesteko elkarretaratzea egin zuten atzo herrian.
Lezoren elkartasun ahalmena agerian gelditu zen atzo berriz ere. Palestina jasaten ari den genozidioa, eta hura babesteko egiten ari diren iniziatibak erdigunera ekarri zituzten atzo arratsaldean, beste behin, lezoarrek. Israelek, Gazara laguntza humanitarioarekin bidean zen ontzidi edo flotilla atxiki zuen atzo, eta horri aurre egin zioten atzo arratsaldean bertan ehunka lezoarrek. Gurutze Santuaren plaza txiki utzi zuten.
Elkarretaratze isila izan zen. Megafonia bidez besteak bestek Jon Maiak egindako olerkia entzuteko aukera izan zen. Plazako elkarretaratzearen aurretik, herriko hezkuntza komunitateek eginak zituzten Gure Haurrak Ere Badira plataformak deitutako elkarretaratzeak ikastetxeen atarietan. Irailaren 13an, santrakrutzak hasi aurretik, manifestazio oso jendetsua egin zen herrian. Lezok eta Palestinak bat egin zuten atzo berriz ere.

