Mintzalagunak, euskara ikasteko prest
Euskara ikasteko xedearekin, euskara menperatzen ez duten pertsonek aukera izango dute euskaldunekin batera elkarrizketa ezberdinak edukitzeko.
Udaleko eta AEK-ko ordezkariak. Euskara ikasteko prozesua errazteko, Mintzalagun ekimena jarriko dute abian Intxixuko AEK-k eta Oiartzungo Udalak. “Euskaldunon sarea indartzea du helburu: egunero hizkuntzan trebatzen diren, praktikatzen duten eta euskaraz bizi diren guztien sarea; hots, euskararen komunitatea”, adierazi du udalak ohar bidez. Berez, ez da egitasmo berria herria, 2005-2006 ikasturtean bikoteka elkartzeko egitasmoa martxan izan zen eta.
Oiartzungo soziolinguistika datuek diote herriko %53,3ak erabiltzen duela euskara egunerokoan, herri euskalduna izan arren. Horregatik, AEK-k eta udalak horretan eragin nahi dute, haien ustez, lehen aktiboak ziren mihi horiek berraktibatzeko aukera badagoelako. Euskara ikasten dabilen jendeari elkarrizketa praktikak eskaintzen zaizkio Mintzalagunetan, euskaldunen laguntzarekin. “Mintzapraktika-programetan ez dago, ez zahar, ez berri; ez hango, ez hemengo… sortzen diren taldeetan guztiok euskaraz gustura, eroso, eta lasai aritzea da helburua, eta, hartara, euskaldunon komunitatea indartu eta saretzea”, azaldu du udalak.
Udalak finantzatutako ekimena izango da, haien ustez garrantzi handiko zerbait da eta. Beraz, doakoa. Gure herritarren hizkuntza-ohituretan eragin nahi dugu, eta honako egitasmoak bide ematen du euskara dakitenek praktikatzeko, ikasten ari direnak hobetzen jarraitzeko, lagunak egiteko zein lotsak kentzeko”, adierazi du udalak.
Bi profil daude Mintzalagunen barnean: bidelariak eta bidelagunak. Bidelariak euskara ikasten dabiltzan pertsonak dira, oraindik euskaldun osoak ez direnak. Heien barnean denetarik aurkitu daiteke: euskara ikasleak, ikasle ohiak, txikitan euskara ikasi eta galdu duten gazte eta helduak… Garrantzia duen bakarra gutxieneko euskara maila edukitzea da, elkarrizketetan komunikazioa bermatuta egoteko.
Plan ezberdinak
Bidelagunak bestalde euskara menperatzen duten pertsonak dira. Bidelariak laguntzeko grina eduki behar dute. Izan daiteke lehenago bidelari izandakoa etorkizunean bidelagun bihurtzea. Astean ordubetez elkartuko dira taldeak, euskara praktikatzeko eta hobetzeko xedearekin. Talde bakoitzak erabakiko du zer nolako elkarretaratzea egin nahi duen. Badira kafe bat hartzeko geratuko direnak, kirola elkar egingo dutenak edo auzoan lasaitasunez hitz egingo dutenak.
Asteroko bilkurez gain, hilabetean behin ekintza bereziak izango dira, euskarazko aisialdia sustatzeko. Txangoak, denen arteko tailerrak, asteburu pasak edota hitzaldiak izango dira urtean zehar.
