Oiartzun inbaditu zutenekoa
Komiki bat ondu du Kattin Txiki elkarteak, tropa frankistak Oiartzunera sartu zirenekoa kontatzen duena.
Komikiaren pasarte bat. Erabat markatu zuen 1936ko gerrak Euskal Herriko gizartea. Sufrimendua, errepresioa, zauri sendaezinak… milaka euskaldun izan ziren isilduak, zigortuak eta erailak. Oiartzunera 1936ko uztailaren 23an sartu ziren tropa frankistak. Irunera bidean zihoazela, Endarlatsako zubia lehertu eta posizio estrategikoak hartu zituzten milizianoek, eta horrenbestez, atzera itzuli eta Aritxulegitik sartu ziren tropak. Herriko familiek asko galdu zuten, jasandako errepresioa zela eta.
Kattin Txiki elkartea 2005. urtean sortu zen, xede argi batekin: 1936ko gerraren inguruko oroimen historikoa ikerketaren eta dibulgazioaren bidez berreskuratzea, mantentzea eta hedatzea. Harrezkeroztik dokumentazio asko bildu du elkarteak, gehienbat testigantzak jasoz. «Jada gure artean ez dauden pertsonak elkarrizketatu genituen. Gerra nola bizi izan zuten eta herriaren egunerokoa jakin nahi genuen, hau da, 1936ko Oiartzun ezagutu», azaldu du Kattin Txikiko kide Jon Gaztelumendik. Hartu eta eman, hori da Ramon Gaztelumendi elkartekidearen ustez elkartearen funtsa: «Guk jasotzen dugun informazioa herriarentzat da, herriak jakin dezan zer gertatu zen hemen».
Hainbat euskarri ondu ditu Kattin Txikik bildutako informazioa hedatzeko. «Urteetan jasotako informazioarekin denetarik egin dugu. Lehendabizi, liburu bat egin genuen 2009. urtean». Oiartzungo Udalak urtero Mugarri bildumako liburu bat argitaratzen du, herriko historia eta memoria mantentzeko asmoarekin. Isiltzen ez den isiltasuna izan zen Kattin Txikik egindako liburua. «Liburua egiterakoan konturatu ginen informazio asko genuela esku artean, eta, jarraian, beste euskarri batzuk garatzen hasi ginen, ikus-entzunezkoak adibidez», azaldu du Gaztelumendik. Harrezkeroztik lau dokumental egin ditu elkarteak.
Baina dibulgazio prozesuan hutsune handi bat nabaritu izan dute elkartekideek: gazteengana iristeko zailtasuna. Hutsune hori betetzeko, komiki bat egiteko apustua egin dute oiartzuarrek «Ilustrazioaren bidez zerbait egiten saiatu ginen, baina ez zen guk nahi genuen modukoa izan. Horri buelta bat emanez sortu zen komikia egiteko ideia. Funtsean, transmisioan laguntza ederra izan daiteke, publiko gazteari zuzendutakoa baita». Horrela sortu dute 1936 Udatik negura komikia.
Herriko gazteek haien familiarengandik jasotako informazioa badute, baina Joxan Mitxelena Kattin Txikiko kidearen ustez, elikatu beharreko informazioa da: «Guk daukaguna altxor bat da. Elkarrizketatutakoak zendu egin dira, eta haien bizipenak guk ditugu gordeak. Etorkizunean ezinbestekoa izango da, gazteek interesa erakusten dutenean haien herrian zer gertatu zen jakiteko».
Marrazkiak, erronkaz beteak
Komikia egiteko, Kepa Etxebarriaren eta Zigor Garroren laguntza izan dute Kattin Txikiko kideek. «Bagenekien Kepak marrazkiak egiten zituela, eta gertukoa izanik, proposamena helarazi genion. Berak onartu egin zuen, baina esan zigun koloreak osatzeko beste baten laguntza beharko genuela, eta horregatik gehitu genuen Zigor taldera», adierazi du Gaztelumendik.
Haurrentzako ipuin liburuak egiten aritu da Etxebarria azken urteetan. «Lehenengo aldia da horrelako komiki bat egiten dudala, eta hori erronka bat izan da niretzat. Nire estiloa erabat aldatu dut lan hau egiteko», azaldu du Etxebarriak. Haurrentzako liburuetan koloreekin jolasten zuen marrazkilariak, eta irudiak haurrentzako modukoak ziren. Orain, aldiz, egoera gogorrak marraztu behar izan ditu, hala nola fusilamenduak. «Estilo errealistagoa erabili behar izan dut, haurrentzat baino, gazteei zuzendutako lana baita». Ez da erraza izan marrazkilariarentzat momentu gogorrak marraztea, baina berak dioenez, komikiak eman dizkion beste erronketako bat izan da.
Etxebarriarekin kontaktua egin baino lehen, Gaztelumendik komikiaren gidoia osatu zuen. Gidoian pasarte guztiak zehaztasunez azalduta agertzen ziren, baita ere pertsonaia guztien hitz eta sentimenduak ere. «Elkartu ginenean Jonek paper mordo bat eman zizkidan, eta nik hortik abiatuta egin behar nituen marrazkiak. Gidoia oso ondo landuta zegoen, zehaztasun askorekin, baina nik desabantaila handi bat neukan, ez nuen ideiarik-eta Oiartzunen 1936an gertatu zenari buruz. Kattin Txikiko elkartekideek urteak daramatzate informazioa barneratzen, baina niretzat dena berria zen, eta horregatik zaila egiten zitzaidan dena aurreikustea. Ezer baino lehen gidoia ongi irakurri nuen», esan du Etxebarriak. Aurrean zuen lana ikusita zalantzak izan zituen Etxebarriak, erronka handiegia ez ote zen, baina aurrera jarraitu zuen.

Ramon Gaztelumendi, Jon Gaztelumendi, Joxan Mitxelena eta Kepa Etxebarria.
Ezjakintasuna ez zen Etxeberriaren oztopo bakarra izan. Gertakariak errealak dira, beraz, komikian agertzen ziren leku eta pertsona asko 1936ko Oiartzungoak ziren. «Pertsonaiek eta lekuek lan handia eskatu zidaten. Adibide bat jartzearren, garai hartan Aroxkenea baserria Oiartzunen zegoen, eta gure istorioan agertzen da. Gaur egun jendeak ezagutzen du baserri hura, beraz, ezin nuen edozein formatan marraztu. Aroxkenea baserria zen moduan marraztu behar nuen, edonork identifika zezan», azaldu du marrazkilariak. Pertsonaiekin, berdin. Kattin Txikik bildutako dokumentaziotik abiatuta marrazten zituen Etxebarriak pertsonaiak. «Batzuetan, genituen garaiko argazkiak ez ziren oso onak, eta berdin-berdin bertatik abiatu behar nuen nire marrazkia».
Lizentzia literarioak
Komikiaren oinarria gertakari errealak izan arren, oso zaila da elkartekideentzat bertan pasatako guztia jakitea. Testigantzak baliatu ditu Gaztelumendik gidoia egiteko, baina ez hori bakarrik. Besteak beste, garai hartako egunkari bat lortu du elkarteak, eta herritarren hainbat eguneroko. «Gerra errelato bat egiten denean, borrokaren nondik norakoak kontatzen dira, baina komiki honetan garaiko oiartzuarren egunerokoa kontatzen da, badauka alde humanitario handi bat», adierazi du Gaztelumendik.
Horregatik, dokumentatutako informazioaz gain, Kattin Txikiko kideek azaldu dute narratibaren haria egoki jarraitzeko, beharrezkoa izan dela lizentzia literario batzuk hartzea. «Adibidez, komikian erakusten da nola baserri bateko haur batek bere gurasoei galdetzen dien zergatik dauden gerra batean. Guk ez dugu hori gertatu izanaren ebidentziarik, baina logikari jarraituz hori irudikatzeko lizentzia hartu dugu». Beste adibide bat gehitu du Gaztelumendik: «Komikian badago momentu bat non hainbat pertsona fusilatzera eramaten dituzten, kamioi batean. Guk ez dakigu zertaz hitz egin zuten bide horretan, baina logika jarraituz, suposa ditzakegu hainbat elkarrizketa izan zituztela kamioi horren atzeko aldean».
Kattin Txikiren ibilbidearen hasieratik kontaktua mantendu dute Aranzadi Zientzia Elkartearekin. «Hobiaren bilaketan ginela, Aranzadiko adituek esan zuten oso zaila zela hura topatzea, lur haietan elementu azido asko zeudelako, baina azkenean aurkitzea lortu genuen», esan du Ramon Gaztelumendik. Ondoren, 2009an, liburua kaleratu zutenean, Aranzadik unibertsitatean zabaldu zuen, ikerketa historiko on baten adibide moduan. Mitxelenak esan du Aranzadiren eskutik Oiartzunera iritsitako forentse batekin izandako elkarrizketa batean konturatu zela zer nolako altxorra zuen Kattin Txikik eskuartean. «Espainiatik etorritako forentseak esan zidan gure lana ezinbestekoa izan zela, eta horri esker, Oiartzungo istorio horiek betirako gordeko zirela. Espainian, herri askotan istorio asko zeuden, gerrak eragindako bizipen asko, baina gehienak pertsonekin batera joan egin dira, inork ez duelako hori dena biltzeko prestasunik eduki».
Testigantzak jasotzen hasi zirenean, elkartekideek antzeman zuten, ia 80 urte geroago, hainbatek oraindik beldurra zutela haien barnean. Ramon Gaztelumendik azaldu du nola Oiartzundik ihesi joan zen errepublikar batek haren istorioa kontatzeko beldurra sentitu zuen: «Ezagutu genuen Oiartzunen bizi zen pertsona bat, tropa frankistetatik ihesi Asturias aldera joan zena. Han fusilatu egin zuten, baina bizirik irten zen. Testigantzak jasotzerakoan, azken momentuan uko egin zion elkarrizketari, oraindik bazeukan-eta bizitako beldurra». Jon Gaztelumendik antzeko pasarte bat izan zuen: «Elkarrizketatu batek bere familiako bat nola hil zen kontatu zigun, baina grabaketa amaitzean, bere semeak esan zion ez zuela egia kontatu. Horren aurrean, kontatu beharrekoa kontatu zuela adierazi zuen. Oraindik auto-zentsura badago, garai hartako sufrimenduak eta beldurrak eragindakoa».

Bigarren komikiaren garapenean ari da lantaldea. Aurkeztu berri dutenak 1936ko uda kontatzen du, eta bonbardaketa batean amaitzen da. «Hurrengo komikian inbasioaren ondorengo garaiak daude. Oiartzun bereganatu zutenean haien estiloa inposatu zuten herrian. Estilo hori indarkeriaz beterikoa zen, eta hor fusilamenduak eta momentu gogorragoak ikusiko dira».
Udala, ezinbestekoa
Komiki bat egitea ez da merkea. «Lan hau Oiartzungo Udalaren finantzazioarekin egin da, eta hori nabarmentzeko eta eskertzeko gauza da. Herriak badu interesa horrelako gauzak egiteko, eta udalak badu interes horren berri. Oiartzunen familia askok badugu 1936ko gerran hil edo desagertu zen senideren bat, herrian gogor jo zutelako frankistek. Horregatik, uste dut herrian badagoela sentsibilitate berezi bat honekin», adierazi du Ramon Gaztelumendik. Garazi Urdanpilleta Oiartzungo Udaleko zinegotziak, komikiaren aurkezpenean aitortza egin nahi izan zien lanean parte hartu duten pertsona guztiei: «Herriaren historia idatzita gelditzea eta horrekin transmisioa lortzea funtsezkoa da udalarentzat. Horregatik, horren alde egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoa beti izango dugu».
Komikia haien ingurukoei erakusterakoan, kointzidentzia bitxi bat antzeman dute gehienek. «Jende askok esan digu azalean Palestinako banderaren antzeko zerbait agertzen dela. Ez dugu nahita egin, baina egia da koloreak berdinak izanik, baduela antza. Horrek niri ilusio puntu bat ematen dit, uste dut-eta Palestinak aspalditik jasan duen gatazkak eta bere garaian hemen gertatu zenak, badutela zerikusirik. Gerra bat izan zen hemen ere, eta herria hustu egin zen, jendeak ihesi egin behar izan zuen», azaldu du Gaztelumendik. Etxebarriak gehitu du biek kontzeptu berdin bat daukatela: inbasio bat jasan beharra. «Ez da nahita egindako gauza izan, ez dugu antzekotasun hori bilatu, baina hor dago».
Oraingoz, Urrats paper dendan dago eskuragai, 20 euroan. Herriko dendaz gain, Elkar liburu dendan zabaltzeko asmoa adierazi dute, herritik kanpo istorioak ezagutu ditzaten.
