Oiartzuarren tanta flotillaren bahiketa salatu, eta Palestina babesteko
Plazan elkarretaratzea egin zen atzo Palestinara bidean zen flotilla atzeman duelako Israelek.
Israelek atzo atzeman zuen Palestinara laguntza humanitarioa eramaten zuen ontzien flotilla. Laguntza materiala eramateaz gainera, Palestinako herria babesteko asmoz egin dute itsas zeharkaldia dozenaka ontzik. Nazioarteko uretan bahitu zituen elkartasun militanteak estatu sionistak. Horren aurrean, mobilizazioak egin zituzten herrietan, eta Euskal Herriko hiriburuetan. Oiartzunen plazan bildu ziren dozenaka herritar, Palestinako herriaren aldeko babes eta elkartasun itsasoan euren tanta jartzeko.
Oiartzunen bezala, eskualdeko eta Euskal Herriko herri askotan egin zituzten mobilizazioak. Horiek jarraipena izango dute. Izan ere, bihar (larunbata) eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, nazio manifestazioa egingo dute Iruñean (12:00etan, Antoniutti parketik abiatuta). Han, kazetariak Israelen partetik jasaten ari diren jazarpena ere salatuko da. Eskualdetik autobusak antolatu dituzte bihar Iruñeara joateko.

