Urtzen lau hamarkadako bidea, oholtzara
Urtz 1988an Pasaian sortutako musika taldea da. Herriak ibilbide hori aitortuko du, eta Urtzek kontzertua eskainiko du bihar Antxoko Ibaiondo frontoian, 19:30ean eta doan. Xabier Camarero kideak taldearen bilakaeraren errepasoa egin du.
Urtz 1988an Pasaia-Lezo Lizeoan sortutako musika talde pasaitarra da. Taldeak ia lau hamarkada daramatza oholtzetan, eta ibilbide hori ikaragarria izan dela aitortu du Xabi Camarero taldeko ahots eta gitarra jotzaileak. Ia 40 urteren ondoren taldeak zutik jarraitzen du, indar handiarekin, eta bihar (hilak 4, larunbata) Pasaiako herriak eta Pasaiako Udalak Urtzen ibilbidea aitortu eta errekonozituko dute, pasaitarrek kontzertu berezi bat eskainiko baitute Antxoko Ibaiondo frontoian, 19:30ean eta doan. EiTBk, gainera, biharko kontzertua zuzenean grabatuko du, aurrerago Oholtzan izeneko saioan emateko.
Pasaitarrek ia lau hamarkada daramatzate musikaren munduan murgilduta. Xabi Camarero da taldearen arima, hura baita Urtzen ibilbidean presente izan den kide bakarra, eta mimo handiz gogoratu ditu eman zituzten lehen pausoak. Urtz ikasgelan sortutako musika talde bat da. Garai hartan, gelakideak ziren Camarero, Josu Ariztegi eta Asier Arozena. Hiruek musika gustuko zuten, pasio hori konpartitzen zuten, eta beren talde propioa irudikatzen hasi zirela kontatu du Camarerok: «Esango nuke Urtz eskolan egiten hasi ginen zirriborro baten ondorioa dela. Lizeoan ginela, gustuko genituen taldeen inguruan aritzen ginen, eta ikusi genuen ederra izan zitekeela guk ere gure taldea sortzea».
Camarerori, Ariztegiri eta Arozenari Victor Garcia batu zitzaien, eta haiek osatu zuten Urtzen hasierako laukotea. Camarerok adierazi du hastapenetan «zortea» izan zutela, entseatzeko lokal txiki bat baitzuten Trintxerpeko Azkuene kalean. Pareta horien artean hasi ziren musika sortzen. Hasieran gustuko zituzten taldeen bertsioak egiten zituzten, eta pixkanaka, beren abesti propioak sortzen hasi ziren. Instrumenturik jotzen ia jakin gabe hasi ziren musika sortzen, eta ondoren zortzi disko eta maketa bat grabatu dituzte. «Konturatu gabe denbora asko pasa da, eta ohartu gara eskolan genuen hasierako ideia hura errealitate bihurtu dela, eta gaur egun ere bizirik jarraitzen duela», baietsi du Camarerok.
Taldeak etapa ezberdinak izan dituela gogorarazi du Urtzeko kideak. 1988an Xabi Camarerok, Josu Ariztegik, Asier Arozenak eta Victor Garciak eman zioten ahotsa taldeari. 1990eko hamarkadaren bukaeran, Arozenak eta Garciak taldea utzi zuten, eta Javi Estella eta Ritxi Barrenetxea batu ziren Urtzera. 2003an, baina, Urtzek bere ibilbidea etetea erabaki zuela kontatu du Camarerok: «Zuzeneko bat prestatu genuen bukaera bat bezala, horrela iruditzen zitzaigulako eta benetan horrela ikusten genuelako. Modu naturalean izan zen dena». Geldialdiak hamar urte iraun zituen, eta itzultzea espero ez bazuten ere, Urtzen sorrerako lau kideen bideak berriro elkartu ziren 2013an, Urtz berpiztuz. «Lagun baten bitartez lokal batean elkartu gintuzten, musika jotzen hasi ginen, eta konturatu ginen taldeak asko betetzen gintuela. Entsegu horren ondoren, berriro berotu ginen, eta taldearen beste etapa eder batean bihurtu da», azaldu du Camarerok. Egun, soilik Camarerok jarraitzen du taldean, eta 2017tik Dani Vicente ahots eta gitarra jotzailea, Jorge Sanchez baxu jotzailea eta Ander Hurtado de Saratxo bateria jotzailea ari dira Urtzen. Ibilbide guztian Iñaki Lazkanok lagundu die letrekin.
Zortzi disko eta maketa bat
Azken lau hamarkadatan zortzi disko eta maketa bat argitaratu ditu Urtzek. Azaroan, gainera, bederatzigarren diskoa kaleratuko dutela aurreratu du Camarerok. 1991n, Zelatan izeneko maketa argitaratu zuten. Maketa hori tabernetan banatu zutela kontatu du Urtzeko kideak, eta ikusi zuten sortzen ari ziren musikaren gaineko interesa bazegoela. Arrakasta horrek lehen diskoa grabatzera eraman zituen: Ekaitzaren garrasia (1992). Ordutik, beste zazpi kaleratu dituzte: Hautsa astinduz (1994), Hain urrun (1996), Lur gazian ametsak ereinez (1998), Aingeru (2001), Astiro (2013), Zabaldu ateak (2019) eta Esnatzean (2024). Disko berria azaroan aurkeztuko dute, eta bira bat egingo dute 2026ko urtarriletik aurrera.
Musika estiloaz galdetuta, Camarerok argi du hasieratik oso talde irekia izan direla, eta ez diote inoiz etiketa bat jarri nahi izan. Hori dela eta, lokalera eramaten zituzten ideia guztiei aukera bat ematen saiatzen ziren. Hasierako abestiek heavyaren influentzia izan dezaketela aitortu du Camarerok, baina urteak pasa ahala, diskoetan era askotako kantak topa daitezkeela jakinarazi du. «Momentu kañeroak ditugu, baina tristeagoak, apalagoak eta lasaiagoak ere baditugu. Garai bakoitzean momentuan gertatzen ari zen hori aditzera eman nahi izan dugu», adierazi du Urtzeko kideak.
Letrek, baina, izendatzaile komun bat izan dute hasieratik, sortutako letra guztiak euskaraz baitira. Pasaitarrek euskarari aterpe eman diote hasieratik, eta musikaren bidez, euskara lau haizetara zabaldu dute azken lau hamarkadetan. «Urtz ikastolan sortutako taldea da. Taldekideen artean euskaraz hitz egiten genuen eta euskaraz bizi ginen, eta era natural batean atera zitzaizkigun abestiak euskaraz. Horrela sentitu dugu», baietsi du Camarerok.
Sortutako abesti askok sona handia izan dute, eta ikono bihurtu dira euskal musikaren panoraman. Horrek asebete egin du taldea, eta publikoarekin «oso eskertuta» daude, ikusi baitute Urtzen abestiek arrastoa utzi dutela jendearengan: «Musika egiten duzunean, hasieran zuretzat egiten duzu, eta konturatu gabe, ohartu ginen jendearentzat abesti batzuk garrantzitsu bihurtzen ari zirela. Gure musika jendearen bizitzan sartu dela jakiteak indar handia eman digu, eta ohorea da. Denbora pasa bada ere, ikustea abestiek bizirik dirautela, polita da».
Jarraitzaileen maitasuna
Ia lau hamarkadatan milaka pasarte, anekdota eta momentu bizi izan dituzte, eta osatutako ibilbidea «oso polita» izan dela aitortu du Camarerok. Ia 40 urtetan jende mordoa ezagutzeko aukera izan dute, eta jarraitzaileekin elkarreragin ahal izan dute. Horietako askok Urtzekin bizitako pasarte eta esperientziak kontatu dizkiete, eta «oso istorio politak» entzuteko aukera izan dute. Horietako askoren bizitzetan Urtzen letrek eragina izan dute, eta momentu jakin batzuetan baliatu izan dituztela jakinarazi du Camarerok: «Animoak behar zituztenean edo momentu tristeetan jendeak gure abestiak entzun izan ditu. Hori da omenaldi politena. Ederra da jakitea jendeak gure musika erreminta bezala erabili duela hobeto sentitzeko. Eskertuta eta pozik gaude egin ditugun abesti askok balio izan dutelako».
Orain artean osatutako bidean era askotako bizipenak bizi izan dituzte. Baina bizitako guztiaren gainetik, jarraitzaileek emandako maitasunarekin geratzen direla aitortu du Camarerok: «Jendearengandik jaso dudana oso handia izan da».
Lau hamarkadatako bizipenak oholtzara eramango dituzte bihar. Camarerok adierazi du «oso eskertuta» daudela herriak eta udalak egingo dieten errekonozimenduarekin. Pasaian sortutako taldea izanik, ohorea da haientzat herriaren omenaldia jasotzea. Camarerok aurreratu du kolaborazioak eta sorpresa batzuk izango direla. «Espero dut jendea gustura egotea».
