Cycling For Gaza iniziatibak Oarsoaldea zeharkatu du
Palestinar jatorriko 100 txirrindularitik gora zeharkatu dute gaur Oarsoaldea. Cycling4Palestina iniziatibaren barruan 2009az geroztik ari dira Palestinaren auzia ikusarazteko bizikleta martxak egiten.
Irailaren 27an heldu ziren Cycling4Gaza iniziatibako kideak Euskal Herrira.Rabeea Eid/The New Arab Palestinar jatorriko ehun lagunek eta haiekin bat egin nahi izan duten hainbat herritarrek Oarsoaldeko herriak zeharkatu dituzte gaur bizikletan. Cycling For Palestina iniziatibaren kide dira eta 2009az geroztik ari dira herrialdeak bizi duen egoera ikusarazteko lanean. Parte hartzaile palestinarrak munduko zenbait herrialdetatik iritsi dira Donostiara, eta Euskal Herriko hainbat hiri eta herri zeharkatu dituzten hainbat bizikleta etapa egin dituzte pasa den irailaren 27tik. 360 kilometro egingo dituzte guztira, bertan.
Horietako bat da, Donostiatik abiatu eta bertan bukatuko den gaurko martxa, Euskal Herrian egingo duten azkena, eta Pasaia, Errenteria-Orereta, eta Lezo zeharkatuko ditu. Bidean geldialdiak egin dituzte Errenteria-Oreretako Zumardian, Pasai Donibaneko Santiago plazan, eta aurreikusia zuten ere Lezoko Gurutze Santuaren plazan geldialdia egitea. Donostiako Saguesen bukatuko dute bizikleta martxa elkarretaratzearekin eguerdian.
Cycling for Gaza iniziatibaren barruan ari diren palestinar gehien-gehienak, erbesteratutako palestinarren ondorengoak dira eta azaldu dutenez, “bizikleta, erresistentziarako bide baketsu gisa baliatzen dugu Palestinaren auziari ikusgarritasuna emateko”.
Txirrindularitza martxaren antolakuntzak gainera, crowfundinga jarri du abian bigarren urtez, nahi duen orok ekarpena egiteko aukera izan dezan. 2024an 343.000 euro biltzea jarri zuten helburu, eta hura gainditu dute aspaldian, 2,8 milioi euro bildu baitituzte, eta diru horrekin 25.000 haur baino gehiagori lagundu. Informazio gehiagorako, klik egin hemen.
