PSE-EE: "Zergen igoera proposamena neurriz kanpokoa eta familientzat zigorra da"
EH bilduren zergen igoera proposamena arbuiatuta, kontra bozkatuko duela jakinarazi du Lezoko Joxean Sanchez PSE-Eeko zinegotziak.
Neurriz kanpokoa, justifikaziorik gabea, eta familientzat zigorra, hala definitu du Joxean Sanchez PSE-Eeko zinegotziak EH Bilduren zergen igoera proposamena, eta argi adierazi, haren kontrako botoa emango duela: “%5eko zerga eta tasa igoera aurreikusten dute, eta hori gobernu taldearen kudeaketa txarraren ondorioa da”.
Aurreikuspen falta egotzi dio gobernu taldeari sozialistak, eta horren “pisua” bizilagunen gain utzi nahi dutela “beste behin ere” salatu. Familientzat “kolpe gogorra” izango den ustea ere azaldu du Sanchezek komunikabideetara bidalitako prentsa oharrean eta onartezintzat jo du udalaren jasangarritasun ekonomikoa Lezoko familien “kontura” bermatzea.
Igoeraren atzean kale garbiketan, berdeguneen mantenuan edo kirol instalazioen hobekuntzarik aurreikusten ez denean justifikaziorik ez dagoela esan du, bestalde, eta EH Bilduri egotzi bere kudeaketa arazoak herritarrak erabiliz estaltzen saiatzea, “ez da lehen aldia, izan ere, iaz ere zerga eta tasen igoera orokorra ezarri zuen, zabor tasan %50ekoa, eta kirol tasetan %20 eta %30eko igoera artekoa”.
Igoera proposamenaren aurrean, bestelako neurriak aztertzeko eskatu dio Sanchezek gobernu taldeari, “behar izanez gero gastua arrazionalizatzeko bestelako neurriak har ditzala, betiere bizilagunen ongizatea lehenetsiz eta kudeaketa eraginkorra eginez”.
Bukatzeko, “gardentasuna, eraginkortasuna, eta udalerriko familien gain sistematikoki egongo ez den plangintza ekonomiko serioa” eskatu ditu sozialistak.
